
Bilboko Berreginen Museoak aldi baterako erakusketa berria aurkeztu du: Mitoak orbitan. El Universo a la vista, kosmosa publiko orokorraren eskura jartzen duen mitologiaren, artearen eta zientziaren arteko zubia
Erakusketa Museoaren bildumako hamar artelanek osatzen dute eta horien bidez jorratuko da antzinatasunak zer-nolako eragina izan duen gaur egun unibertsoari buruz daukagun ezagutzan
2025eko urriaren 24tik 2026ko maiatzaren 24ra bitartean egongo da Bizkaiko erakundean jendeari zabalik
Eusko Jaurlaritzaren, DIPCren (Donostia International Physics Center) eta Madrilgo Cerralbo Museoaren laguntza izan du erakundeak
Erakusketak, halaber, ukipen-mahai bat dauka modu irisgarri eta jostagarrian planetak eskalan ikusi ahal izateko
Bilboko Berreginen Museoak Mitoak orbitan. El Universo a la vista erakusketa aurkeztu du. 2025eko urriaren 24tik 2026ko maiatzaren 24ra bitartean zabalik egongo da proposamena. Errenazimentuko artelanen eta ukipen-baliabideen bidez, erakusketak publikoa gonbidatzen du mitologia klasikoaren eta behaketa astronomikoaren arteko loturak ezagutzera. Finean, antzinako kulturek kosmosa interpretatzeko moduaren inguruan hausnartzeko aukera ematen du.
Guztira Museoaren bildumako hamar artelan biltzen dituen erakusketaren komisarioa Itziar Martija da eta museoak ekoitzi du. Artelan horien artean nabarmenak dira Errenazimentuko erliebeen molde-lanak, Úbedako (Jaén) Salvador kapera sakratuan jatorria dutenak. Jainko-jainkosa greko-erromatarren irudiak dira eta naturako lau elementuekin zein antzina eguzki-sisteman ikusgai zeuden zeruko gorputzekin lotura dute. Berariaz zaharberritutako artelanak erakusketaren ardatz gisa aurkezten dira eta lehenengoz ikusgai egongo dira Mariaren Bihotza elizan. Bilduma osatuko dute Madrilgo Cerralbo Museotik ekarritako Errenazimentuko estanpa batek eta bilduma propiotik ateratako mukulu biribileko molde-lan batek: Partenoiko Ilargiaren gurdiko zaldi-buruak, mitologiaren eta izartegiaren arteko loturaren ikurra denak.
Bilboko Berreginen Museoan erakusketaren aurkezpen ekitaldian egon ziren Gonzalo Olabarria, Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotzia; Leixuri Arrizabalaga, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatua; Sorkunde Aiarza, Berreginen Museoko zuzendaria, eta Itziar Martija, erakusketaren komisarioa.
Proiektua Museoaren aldi baterako erakusketen politikaren baitan dago, eta xedea da funts propioen balioa handitzea, horien irakurketa aberastea eta instituzioen arteko lankidetza sustatzea. Oraingo honetan, Eusko Jaurlaritzak, Donostia International Physics Center-ek (DIPC) eta Cerralbo Museoak aktiboki parte hartu dute, erakusketaren diziplinarteko dimentsioaren mesedetan.
Erakusketaren ibilbidea
Ibilbidearen egiturak bi bloke handi ditu:
-
Naturako lau elementuak:
Airearen, uraren, lurraren eta suaren irudi diren erliebeek hartzen dute lehenengo espazioa. Errenazimentuko artelan-sorta horrek antzinatasun klasikoa zuzenean oinarri hartzen du. Elementuak Úbedako Salvador kapera sakratuko dekorazioan txertatuta daude eta erreferentzia paganoak eta kristauak uztartzen dituen Errenazimentuko hilobi-monumentua osatzen dute piztueraren ideiaren inguruan. -
Jainko-jainkosak eta planetak:
Eguzki-sistemaren ikuskerak daukan oinorde greko-latindarrean sakontzen du bigarren atalak. Hemen aurkezten dira antzina ikusgai zeuden planetekin lotutako jainko-jainkosak (Merkurio, Venus, Marte, Saturno eta Jupiter), Olinpoa Zeus buru izanda estanparen berreginarekin —Museo Cerralbotik ekarria— eta aipatutako Ilargiaren gurdiko zaldi-buruarekin batera. Gainera, atal honetan ukipen-mahai bat ere badago. CIPCek garatu du, eredua modu irisgarri eta jostagarrian planetak eskalan ikusi ahal izateko.
Publiko osoarentzako erakusketa
Mitoak orbitan. El Universo a la vista familiarentzako erakusketa gisa sortu dute, edozein adineko bisitarientzako irekia eta irisgarria. Erakusketaren museografia-diseinuak Errenazimentuko erliebeen klasizismoa eta irisgarritasun-proposamen berriak uztartzen ditu. Horrez gain, publikoak aktiboki parte hartzeko ekintza-programa anitza eskaintzen du.
- Museoko Lagunak – Amigxs del Museo kideentzako bisita bereziak (urriak 22): Museoko lantaldearen eskutik erakusketa ezagutzeko aukera bakarra, urriaren 24an ateak ireki aurretik.
- Familientzako inaugurazioa (urriak 24): familiek eta publiko orokorrak erakusketaz lehen egunetik gozatzeko irekiera-ekitaldia.
- Unibertsoaren argitan ikus-entzunezko esperientzia (azaroak 21): soinuetan eta irudietan murgiltzeko aukera, artearen, zientziaren eta kosmosaren arteko loturak ezartzea helburu.
- Artelana bere testuinguruan: Úbedako molde-lanak hitzaldia (azaroak 27): esposizioari itxura ematen dioten erliebeen balio historikoan eta artistikoan sakontzeko hitzordua.
- Familientzako planetarioa (abenduak 27 eta 28): astronomiara erraz hurbiltzeko dibulgazio-jarduera liluragarria.
- Hezkuntza-bisitak eta -eskolak (urriaren 24tik aurrera): hezkuntza-maila guztietara moldatuta daude eta erakusketa honek oinarri hartutako Jainko eta Planetak | Dioses y Planetas programaren lerro arrakastatsuaren jarraipena dira.
Erakusketak aukera paregabea ematen du berriz ere deskubritzeko unibertsoaren ikuskeran daukagun ondare klasikoa eta, aldi berean, lehen aldiz ikusteko museoaren bildumako artelan zaharberrituak. Kosmosa guztion eskura jartzen duen mitologiaren, artearen eta zientziaren arteko zubia.