Lorenzo de' Medici

Erromatar Tailer batek egina 1934
Sakristia Berriko Lorenzo de’ Mediciren eskaiolazko kopia
Jatorrizkoa San Lorenzoko Medicitar Kaperetan kontserbatzen da.

Figuraren pose pentsakorraren ondorioz, XVI. mendeaz geroztik Il Pensieroso (Pentsakorra) deitu izan zaio. Jatorrizko figura Sakristia Berriko dekorazio eskultorikoaren parte da; Medici familiako hainbat kideren ehorzlekua da hori. Multzo osoa Michelangelo Buonarrotik diseinatu eta dekoratu zuen. Estatua honek, zehazki, Lorenzo II.a de’ Medici, Urbinoko dukearen hilobia dekoratzen du.

Figurak ez du Lorenzo errealarekiko inolako antzik. Hori baino gehiago, kontenplaziozko bizitzaren kontzeptuaren irudikapen ideal bat da. Lorenzok larruzko koraza bat du jantzita, antzinako erromatarren antzera. Eskuineko eskuko atzamar erakuslea ahora hurreratzen ari da, keinu pentsakorra eginez. Esku berean zapi bat dauka. Ezkerreko ukalondoaren azpian saguzar baten muturraren irudikapena duen kutxa bat ageri da. Saguzarrak heriotzaren eta haragokoaren sinbolo ziren antzinateaz geroztik. Oso gai egokia hileta-monumentu batentzat, eta hau horixe da.