Belvedereko Torsoa

Benito Bartolozziren Tailerrak egina 1930
Belvedereko Torsoaren eskaiolazko kopia
Jatorrizkoa Vatikanoko Museoetan kontserbatzen da.

Jatorrizko eskulturari Torsoa deritzo. Errenazimentuan, zatikatuta agertzen ziren eskultura guztiei deitzen zieten torso. Hala ere, figura hau, hartu zuen garrantziarengatik, Torsoa izendatutako eskulturen artean nagusi bihurtu zen.

Zangoak falta zaizkio belaunen azpitik, bi besoak eta aldaka. Baina hala ere gaur egun badugu gutxi gorabehera nolakoa izan zen jakiterik. Mende askoan uste izan zen Herakles heroia irudikatzen zuela (Herkules erromatarrentzat). Uste zen azpian duen larrua lehoi batena zela. Baina eskuineko saihetsaldean ikusten den buztana ez dagokio animalia horri.
Gaur egun uste da beste greziar heroi baten figura dela, Ajaxena. Gerraria eserita legoke, eskuineko ukalondoa izter gainean bermatuta. Eskuineko eskuak ezpata bati eutsiko lioke, ahoa beherantz duela. Burua, pentsakor, ezpata-buruan bermatuta izango luke. Ezkerreko eskuak, alde bereko izterraren gainean, ezpataren zorroari eutsiko lioke.

Estatuaren oinarriaren gainean egileak egindako idazkuna irakurtzen da. Grezieraz idatzita dago: Apoloniok, Nestorren semeak, atenastarrak, egin zuen.