Bilboko Berreginen Museoak ikus-entzunezko esperientzia paregabea eskainiz ospatuko du 19 urte betetzen dituela
Publikoak “Mitoak orbitan. El universo a la vista” aldi baterako erakusketa berriaz eta Museoaz modu desberdin batean, ilunpean, gozatu ahal izango du
Aldi baterako erakusketa berrian inspiratutako bideomappinga da, Garutik enpresak diseinatu duena ospakizun honetarako
Hitzordua 2025eko azaroaren 21ean izango da, osteguna, 18:00etatik 20:30era
Ez da beharrezkoa aldez aurretik tokia erreserbatzea eta sarrera doakoa da
Bilboko Berreginen Museoak 19 urte betetzen ditu. Izan ere, Bizkaiko erakunde honek 2006ko azaroaren 21ean ireki zituen ateak Mariaren Bihotzaren Eliza zaharrean, bere patronatukideen, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren, laguntzarekin.
Orain Museoak jarduera paregabe batekin ospatuko du bere 19. urtebetetzea. Horretarako propio diseinatutako ikus-entzunezko esperientzia da, “Mitoak orbitan. El Universo a la vista” aldi baterako erakusketa berrian oinarritzen dena. Garutik enpresak sortutako bideomapping honek eta erakusketak berak mitologiara, artera eta zientziara hurbilduko ditu ikusleak, kosmosa publiko guztien eskura jarriz.
Hitzordua 2025eko azaroaren 21ean izango da, osteguna, Berreginen Museoan. Publikoarentzako ordutegia 18:00etatik 20:30era artekoa da eta sarrera doan da, eta ez dago aldez aurretik erreserba egin beharrik.
Berreginen Museoak urte askotan bere espazioak kandelekin soilik argiztatuz ospatu du bere urteurrena. Oraingo honetan Museoaz beste modu batean, ilunpean, gozatu ahal izateko esentzia horri eutsi nahi dio, eta kandelak proiekzio hauekin ordezkatuko badira ere, publikoarentzako esperientzia desberdina eta bakarra izaten jarraituko du.
MITOAK ORBITAN. UNIBERTSOA AGERIAN aldi baterako erakusketa
Bilboko Berreginen Museoak inauguratu berri du, urrian alegia, “Mitoak orbitan. El Universo a la vista” erakusketa, 2025eko urriaren 24tik 2026ko maiatzaren 24ra arte zabalik egongo den proposamena. Erakusketak mitologia klasikoaren eta behaketa astronomikoaren arteko loturetan barrena ibiltzera gonbidatzen gaitu, iraganeko kulturek kosmosa nola interpretatu zuten hausnartzeko aukera ematen diguten pieza errenazentisten eta ukitzeko baliabideen eta bitartekoen bidez.
Museoak berak ekoitzitako erakusketako komisarioa Itziar Martija da; erakusketan guztira Museoaren bildumako hamar artelan daude. Horien artean aipagarriak dira Ubedako (Jaen) Salbatzailearen Kapera Sakratuan zaharberritutako erliebe errenazentisten hustuketak; erliebe horiek Antzinaroan ikus zitezkeen naturako lau elementuei zein Eguzki Sistemako zeruko gorputzei lotutako jainko greko-erromatarrak irudikatzen dituzte. Erakusketarako zaharberritutako eta lehen aldiz Mariaren Bihotzaren Elizan ikusgai dauden pieza hauek erakusketaren narrazio-ardatz gisa aurkezten dira. Multzoa osatzeko Madrilgo Cerralbo Museotik datorren irudi errenazentista bat eta bilduma propioaren mukulu biribileko eskulturen hustuketa dago: Partenoiko Ilargiaren Gurdiaren zaldi-burua, mitologiaren eta zeruaren irudikapenaren arteko loturaren ikurra.
Proiektua Museoaren aldi baterako erakusketen politikaren barruan kokatzen da, funts propioen balioa handitzea, obra horien irakurketa aberastea eta erakundeen arteko lankidetza sustatzea helburu duena. Kasu honetan parte hartze aktiboa izan dute Eusko Jaurlaritzak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Cerralbo Museoak, erakusketaren diziplinarteko dimentsioa indartuz.
Bilboko Berreginen Museoa
Hemeretzi urte hauetan zehar Bilboko Berreginen Museoak gero eta erakusketa eta jarduera gehiago eta berritzaileagoak egin ditu. Gaur egun Bizkaiko erakundea ekitaldien agenda trinkoagatik eta egunero erakusketa ezagutzera etortzen diren ikastetxe ugariengatik nabarmentzen da. Eskultura klasikoen kopiez, aldi baterako erakusketez, Obra bere testuinguruan bezalako jarduera arrakastatsuez... osatutako erakusketa iraunkorrak Berreginen Museoa erreferentzia kultural bihurtu dute Bizkaian. Eremu honetan klasikoak, erakundea ordezkatzen duenak, bat egin du zonaldeko berezko kultura-aniztasun etnikoarekin hainbat arlotan elkarlana bultzatuz.
Publikoa, gero eta ugariagoa, da Museoak Bilboko San Frantzisko auzoan bizi izan duen aurrerapen eta proiekzioaren eragilea. Gainera, erakundearen hezkuntza-programa zabalari esker gero eta gehiago dira bilduma ezagutzera hurbiltzen diren lurraldeko ikastetxeak. Hori dela eta erakundeak, “urtebetetze festa” berezi hau antolatuz eskerrak eman nahi dizkie 19 urte hauetan zentrotik pasa diren guztiei. Urtero antolatzen diren erakusketez eta jarduera propioez gain Museoan ehunka ekitaldi egiten dira, horietako asko erakundea kokatuta dagoen auzoko bizimoduarekin lotura estua dutenak. Eliza, aldi berean, San Frantzisko eta Bilbo Zaharra aldeetan programatutako kultur-ekitaldi gehienen egoitza ere izan da: Bilbo Zaharra Kulturarako Zubia; ekimen honen barruan jenderik gehien erakarri zuren ekitaldiak, besteak beste, Tattoo Adicts, BAD, Zinegoak, Caostica edo Fair Saturday izan ziren.
Beste alde batetik Museoak beti ditu ateak zabalik hiriko eta lurraldeko kultura-bizitzarako. Horrela, liburuen aurkezpenak, moda desfileak, filmaketa zinematografikoak, pintxoen aurkezpenak, hitzaldiak eta abar hartu ditu.