
Bilboko Berreginen Museoko 2025/2026 denboraldiko Artelana bere testuinguruan jarduera berrituta abiatuko da irailean EHUrekin egindako lankidetza berriari esker
Oraingoan, Antonio Duplá Euskal Herriko Unibertsitateko Antzinaroaren Historiako katedradunak eskainiko du hitzaldia.
Hitzaldiaren gaia honako hau izango da: “Erromaren ideia faxismoan eta frankismoan”.
Hitzaldia irailaren 27an, osteguna, izango da, 18:00etan, Museoan bertan.
Parte hartzeko, doako sarrera eskuratu beharko da Museoko webgunean: www.bilbokoberreginenmuseoa.eus
Bilboko Berreginen Museoak berrikuntzekin abiatuko du ikasturtea Artelana bere testuinguruan jarduerari dagokionez, zeina museoko jarduera urtetsu eta arrakastatsuenetarikoa baita.
Hainbat urtetan zehar eskainitako hitzaldi horien bidez, Itziar Martija teknikariak publikoari ezagutzera ematen dizkio Museoko bildumaren parte diren piezak zein erakundeak aldi baterako prestatzen dituen erakusketak.
Oraingoan, gai eta hizlari berriak izango dira 2025/2026 denboraldiko zenbait hitzalditan. Antzinaroa mundu garaikidean interpretatzeko moduaren inguruan jardungo du aurtengo denboraldiak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) edota Madrilgo Unibertsitate Autonomoko (UAM) hizlariek hartuko dute parte. Horiek horrela, lehenengo hiruhilekoan Antzinaroarekin eta politikarekin lotutako gaiak landuko dira. EHUko eta UAMko adituek hitzaldiak eskainiko dituzte Artelana bere testuinguruan jardueraren baitan lehenago landu gabeko zenbait gairen inguruan hausnarketa bultzatzeko.
Antzinaroa eta politika: 1. hiruhilekoko gai nagusia
Irailean, urrian eta azaroan Artelana bere testuinguruan jarduerak zera aztertuko du: faxismoak eta frankismoak zelan erabili zituzten Antzinaroan sortutako hainbat ideia.
- Irailak 25: Antonio Duplá (EHU) - Erromaren ideia faxismoan eta frankismoan.
Antzinaroaren Historiako katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Aitzindaria eta erreferentea da mundu garaikideak Antzinaroari emandako erabilera politikoari buruzko hausnarketan.
Publikoa iraganera eramango du azaltzeko zelan erabili zuten erregimen faxista totalitarioek Antzinako Erroma eredu eta propaganda gisa. Zergatik aurkezten zuen bere burua Mussolinik Augusto berria izango balitz bezala? Frankismoak Antzinako Erromaren ideia bereganatu nahi izan zuen? Zer esaten digu Erromatar Inperioak faxisten eta frankisten gose inperialistaren inguruan? Eta haien lider karismatikoen ereduari buruz?
Duplá gaur egun ANIHO proiektuko ikertzaile nagusietako bat da. Euskal Herriko Unibertsitatetik Antonio Duplá Antzinaroaren Historiako katedradunak eta Jonatan Pérez Mostazok elkarlanean zuzentzen duten ikerketa-proiektua da. Proiektuak Europako eta Latinoamerikako hainbat herrialdetako hogeinaka ikertzaile biltzen ditu. Hamarkada batez, talde horrek aztertu du Antzinaroak beste garai batzuetako debate politikoetan, identitarioetan eta historiografikoetan izan duen papera. Gure orainean eta iragan gertukoenean Antzinaroak zer paper izan duen eztabaidatzeko unea da orain: identitate likidoak, jabetze politikoak, balio zibikoak, hezkuntza... Hitzaldi-ziklo honen bidez, gizartea eztabaida horietan parte hartzera bultzatu nahi dugu.
- Urriak 30: Tomás Aguilera Durán (UAM) - Inork ez du jainko zaharretan sinesten: egungo politikatik begirada bat Antzinarora
Antzinaroaren historiako irakaslea da Madrilgo Unibertsitate Autonomoan; garai moderno eta garaikidean Antzinaroa ulertzera emateari buruzko ezaugarri ideologikoetan aditua da.
Arestiko eztabaida politikoetan eta identitarioetan Antzinaroko gaiak edo pertsonaiak erabiltzeari buruzko adibideak emango ditu. Mundu klasikoa imitatu edo arbuiatu beharreko eredua al da? Ba al du zentzurik egungo arazoekin lotzeak? Legitimoa al da hori egitea? Erantzun itxiek ez dute balio.
- Azaroak 20: Paloma Martín-Esperanza (UAM) - Antzinaroa modan dago. Ondare klasikoa eta modan dauden joerak
Artearen historia irakaslea da Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, eta aditua da kultura moderno eta garaikidean dagoen ondarearen iruditegi klasikoaren alorrean.
Bere hitzaldiak modaren mundura eramango ditu parte-hartzaileak. Garai greko-erromatarreko nozio estetikoak mantendu ala aldatu egin dira? Zeintzuk dira diseinatzaileen inspiraziorako iturri klasikoak? Balio al du Antzinaroak publizitate-erakargarri gisa?
- Azaroak 27: Itziar Martija Bilboko Berreginen Museoko hezkuntza teknikaria – Aldi baterako erakusketa.
Itziar Martija da Artelana bere testuinguruan jardueraren arduraduna. Azaroko azken ostegunean bera izango dugu hizlari. Hilabete horretan bi hitzaldi egingo dira: hilaren 20an eta 27an. Oraingoan, 2025eko urrian erakundeak inauguratuko duen aldi baterako erakusketa izango du hizpide.
Lehen hitzordua irailaren 25ean izango da, 18:00etan, Museoan bertan. Sarrera doakoa da, eta parte hartzeko nahitaezkoa izango da aldez aurretik sarrera bat eskuratzea Berreginen Museoko webgunearen bidez: www.bilbokoberreginenmuseoa.eus
Bizkaiko erakunde honek bere jarduera urtetsuenaren aldeko apustua egiten jarraitzen du. Izan ere, hamasei urte baino gehiago daramatza hilean behin erakundearen bilduma eta erakusketak gertutik aztertzen, eta dagoeneko hiriko kultur erreferenteetako batean bilakatu da.
Berreginen Museoak 2006ko azaroan ireki zituen ateak berriro, Mariaren Bihotza eliza zaharraren egoitzan, eta Bizkaiko hiriburuko zaharrenetarikoa da. Duela 80 urte sortua, genero bereko museoen artean onenetarikoa da, ikusgai jarritako erreprodukzioen hautaketagatik eta kalitateagatik.