BERTAN BEHERA. Bilboko Berreginen Museoak “sedukziorako” lurrin egiptoarrak ezagutzera emango ditu San Valentin egunean
“Ni neu, Isis, Señora de todas las tierras” aldi baterako erakusketan oinarrituta, seduzitzeko aromak izango ditu hizpide hitzaldiak
Antzinaroko lurrin ospetsuenetako baten osagaiak eta errezeta ezagutuko dituzte parte hartzaileek
Hitzordua otsailaren 14an izango da, 18:00etan, Museoan
Parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharko da, telefono-zenbaki honetara deituta: 94 415 02 31
Itziar Martija Berreginen Museoko teknikariak eskainiko du hitzaldi berezi hori
Bilboko Berreginen Museoak dagoeneko klasikoa bihurtu den eguna ospatuko du: San Valentin eguna. Lurrina sedukziorako tresna gisa ezagutzera emateko asmoz, erakunde bizkaitarrak ohiz kanpoko hitzaldi bat eskainiko du, museoan ikusgai dagoen aldi baterako erakusketa oinarri: “Ni neu, Isis, Señora de todas las tierras”.
Usaimenaren eta sedukzioaren arteko lotura, hain zuzen ere zientziak behin baino gehiagotan frogatu duena eta Maiteminduen Eguna heltzear denean merkatariek gogorarazten digutena, antzinateko jendeak dagoeneko buruan zuen kontua da. Antzinako Egiptoko figura historiko batzuk, besteak beste nonahi ageri den Kleopatra, betidanik lotu izan ditugu usaimenaren bidezko sedukzioaren ideia horrekin. Bere lurrin eta ukenduak liburu eta artikulu amaigabeetan jorratu dituzte, bai eta filmetan eta komikietan ere. Aurrekoa bezain ezaguna dugun beste erregina bat, Hatshepsut, sarritan lotzen dute Punt lurraldera espezie eta erretxina bila egindako espedizioekin. Material preziatu horiekin eta beste material ohikoagoekin esentziak, lurrinak eta ukenduak egiten zituzten Antzinako Egipton. Helburu kosmetiko, sendagarri eta erlijiotsuak zituzten, eta seduzitzeko ere erabiltzen zituzten.
San Valentin egunean Berreginen Museoak eskainiko duen hitzaldiak azken helburu hori izango du ardatz: sedukzioa. Jarduera horren bidez ezagutzera emango da zeintzuk ziren emakumeek eta gizonek gustukoen zituzten esentziak, zein landare edo elementu naturaletatik zetozen, nola fabrikatzen ziren eta nola ezagutu ditugun.
Hain ezaguna ez den Egiptoko historiaren zati bat ezagutzeko eta Maiteminduen Eguna beste era batera ospatzeko aukera paregabea da. Hitzaldia entzuteaz gain, parte hartzaileek lurrin horietako batzuen osagaiak ikusi eta usaindu ahal izango dituzte, eta lurrin ospetsuenaren errezeta eramango dute etxera.
Hitzaldia otsailaren 14an bertan egingo da Bilboko Berreginen Museoan (San Frantzisko kalea 14). Parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute doan telefono zenbaki honetara deituta: 94 415 02 31.