Azaroko "Artelana bere testuinguruan" zikloari esker, ikus-entzuleak Antzinako Egiptoko eskriba bihurtuko dira
Saioak hauexek uztartuko ditu: Antzinako Egiptoko ogibide horri buruzko hitzaldia eta tintak ekoizteko tailer praktikoa.
Hartara, eskribek jasotzen zuten prestakuntzaren, baliatzen zituzten lan-tresnen eta gizartean zuten estatusaren berri izango dute parte-hartzaileek.
Jarduera Bilboko Berreginen Museoan antolatuko da, azaroaren 26an (arratsaldeko 18:00etan), eta doakoa izango da.
Bilboko Berreginen Museoak aurrera dirau "Artelana bere testuinguruan" programarekin, zeina erakundeak antolatutako ekintzarik iraunkorrenetako eta finkatuenetako bat baita. Hala, 2027-2028 ikasturterako saioak, adibidez, Museoak eskainiko dituen aldi baterako bi erakusketaren inguruan sakontzeko aprobetxatzen ari dira.
Azaroko proposamenaren ardatza Antzinako Egiptoko eskribak izango dira. "Artelana bere testuinguruan" deritzon zikloaren barruan kokatzen da “Eskribak gara - Somos escribas" saioa, zeinak aldi baterako erakusketaren eremuetako bat hartuko baitu abiapuntu; hain zuzen, antzinako ogibide honi lotuta dagoena. Hala, xede izango du Egiptoko gizartean funtsezko zeregina zuten horien irudia ikus-entzuleei gerturatzea.
Jarduerari hasiera emateko, eskribei lotutako zenbait alderdi jorratuko dituen hitzaldi laburra emango da. Bertan, haien prestakuntzari, lan-tresnei eta gizartean zuten estatusari buruzko azalpenak eskainiko dira. Ondoren, ikus-entzuleek tailer praktikoan parte hartzeko aukera izango dute, eta eskribek idazteko zerabiltzaten bi tinta ekoitziko dituzte: beltza eta gorria.
Horretarako, Antzinako Egipton baliatzen ziren materialetatik abiatuko dira. Behin tintak ekoitzita, parte-hartzaileek bi-biekin idazteko aukera izango dute, eta, horrenbestez, antzinako eskribek erabiltzen zituzten baliabideekin esperimentatu ahal izango dute.
Hala, "Artelana bere testuinguruan" zikloak partaidetza sustatzen duen formatuaren alde egingo du, beste behin. Izan ere, formatu horrek bide ematen du ikus-entzuleak historiara eta Museoaren bildumetara gerturatzeko, ikuspegi ezberdin eta berezi batetik.
Jarduera azaroaren 26an antolatuko da, arratsaldeko 18:00etan. Sarrera doakoa da, eta parte hartzeko beharrezkoa izango da sarrera aurretiaz erostea Berreginen Museoaren webgunean: www.bilbokoberreginenmuseoa.eus
Bizkaiko erakundeak jarduera honen alde egiten jarraitzen du, zeinak 17 urte baino gehiago baitaramatza, hilean behin, Museoko bilduma eta erakusketak ikus-entzuleei gerturatzen. Hain da hala, ezen hiriko kultura-erreferente bihurtu baita.
Bilboko Berreginen Museoak 2006an ireki zituen ateak berriro, Mariaren Bihotza eliza zaharraren egoitzan, eta Bilboko Udalak zein Bizkaiko Foru Aldundiak babesten dute.