Bilboko Berreginen Museoak idazkeraren historia dakarkigu: memoria kontserbatzeko lehen teknologia handia
Museoko aldi baterako erakusketak gizateriaren iraultzarik handiena ezagutzeko ibilaldi bat proposatzen du; memoriaz harago, ezagutza erregistratzeko, eskualdatzeko eta kontserbatzeko gaitasuna, alegia
Lehen buztinezko piezetatik hasi eta alfabetora iritsi arte, esposizioak erakusten du idazkerak gizarteak eraldatu zituela eta gizakion komunikatzeko modua betirako aldatu zuela
Erakusketak mendeetako bidaia hori egun puri-purian dagoen galdera batekin lotzera daramakigu: pantailen eta adimen artifizialaren garaian, posible al da eskuz idazteari uztea?
Bilboko Berreginen Museoak aldi baterako erakusketa berri bat dakar, zeinak idazkeraren historia ezagutarazteko helburua baitu, ikuspegi teknologiko, kultural eta humano batetik. 2026ko azaroaren 18tik 2027ko maiatzaren 23ra arte egongo da ikusgai.
Idazkera historiako lehen kanpoko disko gogorra izan zen ideia oinarritzat hartuta, erakusketak idazkeraren jatorrira garamatza; gizateriari haren oroitzapenak kontserbatzea, gizarteak antolatzea eta belaunaldiz belaunaldi ezagutzak transmititzea ahalbidetu duen teknologia baten jatorrira, alegia.
Liburuak, ordenagailuak edo telefono mugikorrak agertu baino askoz ere lehenago, aurreneko komunitateek bazuten jada informazioa erregistratzeko beharra. Mesopotamian, buztinezko pieza txikiek abereak edo zerealak zenbatzeko balio izaten zuten. Erregistro-sistema haiek, giza-memoriaz harago informazioa gordetzeko balio izaten zutenak, idazkeraren lehen saiakerak izan ziren.
Azken hori abiapuntutzat hartuta, erakusketak idazkeraren garapenean izandako mugarriak aurkezten ditu, hala nola: lehen zeinuen sorkuntza, idazkera kuneiformearen garapena Mesopotamian, Antzinako Egiptoko idazkera-sistemak, silabarioen agerpena eta alfabetoak eragindako iraultza. Idazkera eraldaketa-prozesu bat izan zen, zeinak kopuruak eta salgaiak erregistratzea ahalbidetu ez ezik, izenak, ideiak, legeak, kontakizunak eta ezagutza zientifikoa erregistratzeko aukera ere eman baitzuen.
Mundua eraldatu zuen teknologia
Idazkeraren historia berrikuntzaren historia ere bada. Idazkeran gertatutako aurrerapen orok beharrizan berriei erantzuteko balio izan zuen eta garai bakoitzean eskuragarri zeuden materialek zein tresnek baldintzatu zuten. Buztina, papiroa, harria, argizaria edo pergaminoa ez ziren euskarri hutsak izan: baldintzatu egin zuten idazkera bera nola gauzatu, zer informazio gorde eta hura nola transmititu.
Halaber, erakusketak argi uzten du idazkera ez zela bat-batean agertu eta ez zela beti berdina izan. Urte luzez, gizarte ezberdinek beren sistema propioak garatu eta findu zituzten, idazteko modu malguenetara eta irisgarrienetara heldu arte. Alfabetoaren hedapenarekin, idazkera esparru jakin batzuetatik harago hedatu zen eta, gutxinaka-gutxinaka, eguneroko bizitzako espazio gehiagotan sartzen hasi zen.
Hitz bakoitzaren atzean, istorio material bat
Sarri oharkabean pasatzen den dimentsio batera bideratu du arreta erakusketak: idazkeraren materialtasunera. Buztinezko oholtxoek, kanaberazko tresnek, zigiluek, tintek eta bestelako euskarriek iraultza aurrera eramatea ahalbidetu zuten teknikez, ezagutzez eta pertsonez dihardute.
Erakusketak eskriben zeregina erreibindikatzeko asmoa ere badu. Idazkeraren aditu horiek urteak pasatzen zituzten lan horretarako prestatzen, eta jasotako ezagutzak gizartean funtsezko estatusa izatea ahalbidetzen zien. Haien lanari esker, kontratuak erregistratu, baliabideak kudeatu, legeak transmititu eta gaur egun arte iritsi diren kontakizunak gorde ahal izan dira.
Bilboko Berreginen Museoak, ondarearen hedapenean lanean diharduen aldetik, legatu horretara gerturatzeko proposamena luzatu du, iraganeko objektuak eta teknikak egungo galderekin uztartzen dituen ikuspegi bati jarraiki. Hori horrela, idazkera-sistema bakoitzaren atzean sormenezko, egokitzapenezko eta asmamenezko istorio bat dagoela jabetzera garamatza.
Erakusketa osatzen duten piezak
Berreginen Museoko erakusketa berrian Egiptoko ontzi original bat ezagutzeko aukera egongo da, besteak beste. Pieza hori, K.a. XII. mendekotzat jo dutena, tenplu bateko fundazio-gordailu batean aurkitu omen zuten. Haren gainazalean, Ramses faraoiaren izena irakur daiteke.
Horrez gain, Ascoliko Brontzearen erreprodukzio bat ere aurki daiteke. Ponpeio Estrabon kontsulak Turma Salluitana deituriko zalditeriari emandako ordainsariak daude grabatuta xafla horretan. Zalditeria hura iberiarrez zein baskoiez osatuta zegoen eta Aliatuen Gerran kontsula babestu zuten. Bertan grabatuta dauden izenen artean, eusko-akitaniar jatorridunak izan daitezkeen zenbait azaltzen dira.
Erakusketaren parte da baita Hammurabiren Kodearen erreprodukzioa ere. Azken horrek Bilboko Artelan Berreginen Museoko bilduma osatzen du eta Louvre Museoan eskuratu zen 1936an.
Era berean, erakusketak barne hartzen ditu duela gutxi eskuratutako Louvreko Eskriba Eseria izeneko eskulturaren erreprodukzio murriztua eta oholtxo kuneiformeen hiru erreprodukzio. Horietako bat eskola-ikaskuntzarako baliatzen zuten oholtxo baten erreprodukzioa da. Bestea, ostera, zeinu protokuneiformeak dituen Uruk hiriko oholtxo baten erreplika da, eta hirugarrena Nabukodonosor II.aren erregealdiko erregistro astronomikoak jasotzen dituen oholtxo kuneiformearen kopia.
Eta hausnarketa gisa: zer gal dezakegu eskuz idazteari uzten badiogu?
Gure orainari buruzko hausnarketa batek ematen dio amaiera ibilbideari. Teklatuek, pantailek eta adimen artifizialdun tresnek gero eta espazio gehiago hartzen duten gizarte honetan, eskuzko idazkerak galdera berriak dakarzkigu: Zer gertatzen da letrak eskuz idazteari uzten diogunean? Idaztea zer da: komunikatzea bakarrik ala baita pentsatzeko modu bat ere?
Idazkerak ikaskuntzan, memorian eta adierazpen pertsonalean izandako zereginari buruz hausnartzera garamatza erakusketak. Izan ere, bost mila urteko bilakaeraren ostean, teknologia horrek gurekin darraio, nahiz eta bere tresnak eta erabilerak aldatzen ari diren.
Hala, proposamen horrekin idaztea bezalako egunerokotasuneko jarduera bati beste ikuspegi batetik begiratzeko aukera eskaintzen die bisitariei Bilboko Berreginen Museoak. Bestela esanda, historiako teknologiarik erabakigarriena ezagutzera gonbidatzen gaitu Museoak; behar sinple batetik —informazioa kontserbatzea— sortu eta gure bizitzeko, ikasteko zein mundua ulertzeko modua eraldatu zuen teknologia ezagutzera, alegia.
Bilboko Berreginen Museoa haren patronoak diren erakundeen babesarekin kudeatuta dago: Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia.