Bilboko Berreginen Museoak 20 urte beteko ditu, Mariaren Bihotza eliza zaharrean ezarri zenetik
Azaroaren 21ean hogei urte beteko dira San Frantzisko auzoko eraikin historikoak bizi berri bat hasi zuenetik; izan ere, birgaitze-prozesu luze baten ostean, museoaren egoitza bihurtu zen
Urteurrenak arkitektura-ondarearen eta bilduma artistikoaren arteko bizikidetzaren balioa azpimarratzea du helburu, elizaren identitatea kontserbatzen eta haren iraganaren memoria bizirik mantentzen dituen toki batean
Ospakizunaren parte izango dira hala kandela-tailerra nola eraikinaren eta museoaren historiari buruzko argitalpen berezi bat
2026ko azaroaren 21ean, Bilboko Berreginen Museoak 20 urte beteko ditu Mariaren Bihotza eliza zaharrean ezarri zenetik. Birgaitze-prozesu sakon baten ostean, San Frantzisko auzoko eraikin ezaguna museo-eremu bihurtu zen. Bi hamarkada igaro diren honetan, urteurrenak toki berezi baten historia berrezagutzera garamatza, non arkitektura, memoria eta artea ganga berberen pean bizi diren.
Elizak 1984an ireki zituen ateak lehen aldiz eta, urte luzez, zentro espiritual zein komunitario garrantzitsua izan zen. José María Basterra arkitektoak diseinatutako eraikin honetan nabarmentzekoak dira haren arkitektura neogotikoa, gangak, beirateak eta, bereziki, erdialdean duen argi-zulo berezitik sartzen den argi naturala. XX.mendearen erdialdean, klaretarren ikastetxea Leioara lekualdatu zenean, eraikina abandonatu egin zen eta, pixkanaka, hondatuz joan zen.
90eko hamarkadaren amaieran, eraikina berreskuratzeko eta Berreginen Museo bihurtzeko plana prestatzen hasi ziren. Izan ere, erakunde hori 1927tik jada Bilbon bazegoen ere, bere bilduma kontserbatzeko eta erakusketak egiteko instalazio egokien beharra zegoen. Hala, esku-hartze hori Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala Birgaitzeko Planaren baitan sartu zuten, zeina Bilboko Udalak sustatu baitzuen.
Obren ostean, 2006ko azaroaren 21ean, eraikinak hasiera eman zion bere etapa berriari: museo bihurtu zen. Birgaitze-lanari esker, espazioa museo-beharretara egokitzea lortu zen, bere identitate historikoa definitzen duten elementuei uko egin gabe. Bere horretan mantendu ziren elizaren hiru habearteak, gangak, dekorazio-elementu nagusiak eta beirateak. Era berean, egitura eta ibilbide berriak gehitu ziren, eta erakusketak egitera bideratutako azalera handitu, museoa bisitatzea errazagoa izan zedin.
Eraikin bat, bi bizitza
Hogeigarren urteurrenak garrantzia ematen dio eraikinak lehen zuen tenplu izaerari eta egun ematen zaion erabilerari. Mariaren Bihotza elizak garai batean betetzen zuen funtzio erlijiosoa albo batera utzi arren, izateko arrazoi berri bat aurkitu zuen: arteari eta kulturari eskainitako espazio bihurtzea. Egun, amaigabeko elkarrizketa batean dihardute duela mende bat baino gehiago sortutako arkitekturak eta bertan dauden eskulturek, Antzinate klasikoko obren erreprodukzioak direnak.
Eraikinaren elementu adierazgarrienetako bat bertara sartzen den argia da. Izan ere, argiak museoa bisitatzera gerturatzen direnen esperientzia definitzen jarraitzen du oraindik. Beirate historikoek, Duhamel-Marette tailer frantsesean egindakoek, garai bateko xarma nolabait berreskuratzea lortu zuten, birgaitze-prozesuan gauzatutako zaharberritze-lanei esker. Beirateen koloreek eta dekorazio-motiboek bildumako lanekin partekatzen dute espazioa, zeintzuek eraikina bera bisitaren funtsezko zati bihurtzen duten.
20. urteurrenaren harira, Berreginen Museoak balioa eman nahi izan dio partekatutako historia honi eta gogorarazi nahi izan du ondarea kontserbatzeak ez duela esan nahi eraikinak geldi utzi behar direnik. Alderantziz, eraikinok bizirik eta gizartearekin harremanetan mantentzeko metodoak aurkitu behar dira.
Bi bien historia ezagutzeko eta ospatzeko urteurrena
Ospakizunaren parte izango dira Museoaren eta eraikinaren historia jendeari hurbiltzera bideratutako bi ekimen berezi. Alde batetik, kandela-tailer bat antolatuko da, urteurrenaren programazio bereziaren parte den proposamena. Bestetik, oroitzapenezko argitalpen txiki bat aurkeztuko da. Azken horrek Berreginen Museoaren eta Mariaren Bihotza eliza zaharraren historia jasoko du, hura tenplu izatetik museo-egoitza izatera pasatu zen arte. (Argitalpen hau Museoan egongo da salgai).
Bi ekimen horiei esker, museoaren nortasunaren eta haren ingurunearen funtsezko zati den eraikin baten ezagutzan sakondu ahal izango da. Era berean, ospakizuna arkitektura-ondarea berreskuratzearen eta kontserbatzearen garrantzia gogorarazteko aukera ere izango da, memoria kolektiboa bizirik mantentzeko erreminta den aldetik.
Bilboko Berreginen Museoa haren patronoak diren erakundeek sustatzen dute: Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak. Bi biek kulturarekin eta ondarea kontserbatzearekin duten konpromisoa behar-beharrezkoa da erakundearen garapenerako.
Hura museo bihurtu zenetik hogei urte pasatu diren arren, Mariaren Bihotza eliza zaharrak erakusten digu eraikin batek bizi ugari izan ditzakeela, bere esentzia sekula galdu gabe. Egun, elizaren gangek istorioak, irudiak eta artelanak gordetzen dituzte eta, hala, iraganaren eta orainaren arteko lotura bizirik mantendu.
KANDELA-TAILERRA:
Publikoak Greziako jainkosa batean inspiratutako lurrina duen kandela bat sortuz ospatuko du Museoaren urteurrena. Aukerak hauek izango dira: Zipria, Afroditan inspiratuta dagoena; Artemisa eredu hartzen duen Ortia, eta Sykóessa, Demeterren oinarritua.
Tailerrean jainkosa bakoitzari buruzko informazioa labur-labur eskaintzeaz gain, zehazki aroma horiek zergatik aukeratu diren ere azalduko da. Ondoren kandela egiteari ekingo zaio.
Tailerra azaroaren 21ean egingo da, bi txandatan: Lehenengoa, gaztelaniaz, 17:30ean eta bigarrena, euskaraz, 19:00etan. 30 plaza egongo dira txandako. Jarduera Museoan bertan gauzatuko da. Parte hartzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea, telefono-zenbaki honetara deituta: 94 415 02 31. Doako jarduera bat da.