Otsailean, Artelana bere testuinguruan zikloaren barruan, Berreginen Museoak hitzaldi hau egingo du: «Oihartzun klasikoak Ameriketan. Historia Naturaleko Museo Nazionala (Txile)»
Otsailaren 25ean, ASTEAZKENA, Carolina Valenzuelak (Madrilgo Karlos III.a Unibertsitatea) azalduko du independentzia lortu berri zuten Latinoamerikako errepubliketako eliteek nola erabili zuten Antzinaroa haien proiektu kultural eta politikoetan
Hitzaldia Museoan izango da, 18:00etan
Parte hartzeko, doako sarrera eskuratu beharko da Museoko webgunean: www.bilbokoberreginenmuseoa.eus
Bilboko Berreginen Museoak, ikasturteari jarraipena emateko, Artelana bere testuinguruan zikloaren barruan beste hitzaldi bat eskainiko du. Ekimena museoak egiten dituen jardueren artean ezagunena eta luzeenetarikoa da.
Hainbat urtetan zehar eskainitako hitzaldi horien bidez, Itziar Martija teknikariak publikoari ezagutzera ematen dizkio Museoko bildumaren parte diren piezak eta erakundeak aldi baterako prestatzen dituen erakusketak.
2025-2026 ikasturtean zehar egingo diren hitzaldietan desberdinak izango dira gaiak zein hizlariak. Antzinaroaren eta mundu garaikidean hori interpretatzeko moduaren inguruan izango dira guztiak, eta hizlariak EHUtik, Madrilgo Unibertsitate Autonomotik, Karlos III.a Unibertsitatetik eta Alcaláko Unibertsitatetik etorriko dira. Hala, lehenengo hiruhilekoan Antzinaroarekin eta politikarekin lotutako gaiak landu ziren. EHUko (Euskal Herriko Unibertsitateko) eta UAMko (Madrilgo Unibertsitate Autonomoko) adituek eman zituzten hitzaldiak, eta aukera eskaini zuten Artelana bere testuinguruan zikloan inoiz landu ez izandako gaiei buruz hausnartzeko.
Antzinaroaren eta politikaren inguruko lehenengo hiruhileko zoragarriaren ostean, saio berriak egingo dira ikasturteko hitzaldi-zikloa osatzeko:
- Urtarrilak 29: Oskar Aguado (EHU) - «Koliseotik zinemara».
- Otsailak 25: Carolina Valenzuela (Madrilgo Karlos III.a Unibertsitatea) - «Oihartzun klasikoak Ameriketan. Historia Naturaleko Museo Nazionala (Txile)».
- Martxoak 26: María del Val Gago (Alcaláko Unibertsitatea) - «Pandora eta emakumeen “leinu maltzurra”».
- Apirilak 30: Gloria Mora (Madrilgo Unibertsitate Autonomoa) - «Masa-turismoa eta souvenirrak antzinako monumentuetan».
- Maiatzak 21: Jonatan Pérez Mostazo (EHU) - «Made in Bilbo Antzinaroa. Botxotik Antzinaroa irudikatzen».
Hizlari guztiak ANIHO proiektuaren barruan daude. Euskal Herriko Unibertsitatetik Antonio Duplá Antzinaroaren Historiako katedradunak eta Jonatan Pérez Mostazok elkarlanean zuzentzen duten ikerketa-proiektua da. Taldeak Europako eta Latinoamerikako hainbat herrialdetako hogeinaka ikertzaile biltzen ditu. Hamarkada bat baino gehiago darama aztertzen Antzinaroak izan duen rola beste garai batzuetako eztabaida politikoetan, identitarioetan eta historiografikoetan. Antzinaroak orainaldian eta iragan gertukoenean zer rol duen eztabaidatzeko unea da orain: identitate likidoak, jabetze politikoak, balio zibikoak, hezkuntza, etab. Hitzaldi-ziklo honen bidez, gizartea eztabaida horietan parte hartzera bultzatu nahi dugu.
Otsaila Carolina Valenzuela (Madrilgo Karlos III.a Unibertsitatea) - «Oihartzun klasikoak Ameriketan. Historia Naturaleko Museo Nazionala (Txile)».
Otsailaren 25eko hitzaldia Carolina Valenzuelaren eskutik izango da. Madrilgo Karlos III.a Unibertsitateko irakaslea da, talentua erakartzeko kontratu bati esker, eta Txileko zenbait unibertsitatetan garatu du bere ibilbide gehiena ikerlari gisa. Museoetan Antzinaroa eta historia jasotzeko moduan espezializatu da.
Zenbaitetan gutxi ezagutzen den errealitate bat azalduko digu: independentzia lortu berri zuten Latinoamerikako errepubliketako eliteek nola erabili zuten Antzinaroa haien proiektu kultural eta politikoetan. Ereduzko kasu batean oinarrituko da, Txileko Historia Naturaleko Museo Nazionalean, alegia. Zergatik gogoratzen dituzte antzinako greziarrak eta erromatarrak haiek bizi izan ez ziren lurraldeetan? Zeintzuk dira Atlantikoaz bestaldeko proiektu kultural eta politikoetan haiek txertatzearen asmoak eta funtzioak?
Sarrera doakoa da, eta parte hartzeko nahitaezkoa izango da aldez aurretik sarrera bat eskuratzea Berreginen Museoko webgunearen bidez: www.bilbokoberreginenmuseoa.eus.
Bizkaiko erakunde honek bere jarduera urtetsuenaren aldeko apustua egiten jarraitzen du. Izan ere, hamasei urte baino gehiago daramatza hilean behin erakundearen bilduma eta erakusketak gertutik aztertzen, eta dagoeneko hiriko kultura-erreferenteetako bat bilakatu da.
Berreginen Museoak 2006ko azaroan ireki zituen ateak berriro, Mariaren Bihotza eliza zaharraren egoitzan, eta Bizkaiko hiriburuko zaharrenetarikoa da. Duela laurogei urte sortua, genero bereko museoen artean onenetarikoa da, ikusgai jarritako erreprodukzioen hautaketagatik eta kalitateagatik.