Berreginen Museoan urtarrilean «Artelana bere testuinguruan» saioa egingo da Koliseotik zinemara bidaiatzeko
Oraingo honetan, URTARRILAREN 29an Oskar Aguado (UPV/EHU) etorriko da Antzinako Erromako ikuskizunak zineman nola irudikatu diren azaltzeko.
Aguado aditua da Erromari buruzko zineman Antzinaroa jasotzeko moduan.
Hitzaldia Museoan 18:00etan izango da.
Parte hartzeko, doako sarrera eskuratu beharko da Museoko webgunean: www.bilbokoberreginenmuseoa.eus
Bilboko Berreginen Museoak, ikasturteari jarraipena emateko, «Artelana bere testuinguruan» ekimenaren beste saio bat egingo du, museoak eskaintzen dituen jardueren artean ezagunena eta luzeenetarikoa.
Hainbat urtetan zehar eskainitako hitzaldi horien bidez, Itziar Martija teknikariak publikoari ezagutzera ematen dizkio Museoko bildumaren parte diren piezak zein erakundeak aldi baterako prestatzen dituen erakusketak.
2025/2026 ikasturtean egingo diren hitzaldietako gaiak zein hizlariak desberdinak izango dira. Oraingoan, guztiak Antzinaroaren eta Aro Garaikidean hori irudikatzeko moduaren inguruan izango dira, eta hizlariak Euskal Herriko Unibertsitatetik (UPV/EHU), Madrilgo Unibertsitate Autonomotik (UAM), Karlos III.a Unibertsitatetik eta Alcaláko Unibertsitatetik etorriko dira. Lehenengo hiruhilekoan Antzinaroarekin eta politikarekin lotutako gaiak jorratu genituen. UPV/EHUko eta UAMko adituek publikoari eskainitako hitzaldietan, «Artelana bere testuinguruan» saioetan sekula landu gabeko gaien inguruko hausnarketa sustatu zuten.
Antzinaroari eta politikari eskainitako lehengo hiruhileko zoragarriaren ostean, hitzaldi berriak izango ditugu aurtengo programa osatzeko:
- Urtarrilaren 29a: Oskar Aguado (UPV/EHU) - Koliseotik zinemara.
- Otsailaren 25a: Carolina Valenzuela (Madrilgo Karlos III.a Unibertsitatea) - Oihartzun klasikoak Ameriketan. Historia Naturaleko Museo Nazionala (Txile).
- Martxoaren 26a: María del Val Gago (Alcaláko Unibertsitatea) - Pandora eta emakumeen «leinu maltzurra».
- Apirilaren 30a: Gloria Mora (Madrilgo Unibertsitate Autonomoa) - Masen turismoa eta oroigarriak antzinako monumentuetan.
- Maiatzaren 21a: Jonatan Pérez Mostazo (UPV/EHU) - Made in Bilbao Antzinaroa. Botxotik Antzinaroa irudikatzen.
Urtarrila: Oskar Aguado (UPV/EHU) - Koliseotik zinemara. Antzinako Erromako ikuskizunak zineman
Urtarrilaren 29an, Oskar Aguado izango da hizlaria. Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle laguntzailea da eta aditua da Erromari buruzko zineman Antzinaroa jasotzeko moduan eta Antzinako Erromak sare sozialetan duen presentzian.
Antzinako Erromako ikuskizun entzutetsuenetariko batzuk aurkeztuko ditu eta zinemak horiek nola irudikatu eta hedatu dituen azalduko du. Zer dakigu antzinako gladiadoreen eta koadriga-lasterketen inguruan? Pelikulek irudikatzen dituzten modukoak ote ziren? Nola baldintzatzen dute zenbait pelikulek, hala nola Ben Hur edo Gladiatorrek, Erroma inperialari buruz jendeak daukan irudia?
Sarrera doakoa da, eta parte hartzeko nahitaezkoa izango da aldez aurretik sarrera bat eskuratzea Berreginen Museoko webgunearen bidez: www.bilbokoberreginenmuseoa.eus
Bizkaiko erakunde honek bere jarduera urtetsuenaren aldeko apustua egiten jarraitzen du. Izan ere, hamasei urte baino gehiago daramatza hilean behin erakundearen bilduma eta erakusketak gertutik aztertzen, eta dagoeneko hiriko kultura-erreferenteetako batean bilakatu da.
Berreginen Museoak 2006ko azaroan ireki zituen ateak berriro, Mariaren Bihotza eliza zaharraren egoitzan, eta Bizkaiko hiriburuko zaharrenetarikoa da. Duela laurogei urte sortua, genero bereko museoen artean onenetarikoa da, ikusgai jarritako erreprodukzioen hautaketagatik eta kalitateagatik.