Bilboko Berreginen Museoak Erekteiongo Kariatideari eskainiko dio martxoko Artelana bere testuinguruan
Aurten, Museoak erabaki du hitzaldi horietan dagoeneko protagonista izandako pieza-sorta bat berreskuratzea
Bizkaiko erakundeak 1934an Londrestik Bilbora iritsitako aparteko protagonista batekin ospatuko du Martxoaren 8a
Hitzaldia martxoaren 27an, osteguna, izango da, 18:00etan, Museoan bertan
Parte hartzeko, doako sarrera eskuratu beharko da Museoko webgunean: www.bilbokoberreginenmuseoa.eus
Bilboko Artelan Berreginen Museoak Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, ospatuko du, Artelana bere testuinguruan ekimenaren edizio berezi batekin, jardunaldia morez koloreztatuko duena. Erekteiongo Kariatidea izango da protagonista.
Hainbat urtetan zehar eskainitako hitzaldi horien bidez, Itziar Martija teknikariak publikoari ezagutzera ematen dizkio Museoko bildumaren parte diren piezak zein erakundeak aldi baterako prestatzen dituen erakusketak.
Ikasturte hau oso berezia izaten ari da, Artelana bere testuinguruan ekimenaren ehungarren hitzaldia egin baita. Mugarria ospatzeko, iraganeko hitzaldietan dagoeneko protagonista izandako pieza-sorta bat berreskuratzea erabaki du Museoak.
Hautaketa hori askotariko arrazoiengatik egin da: publiko gutxi izan zutelako, laster 100 urte beteko dituen molde-lanen bilduman garrantzi handia dutelako, bitxiak direlako edo Museotik kanpo bidaiatu dutelako.
Martxoko artelana bere testuinguruan: EREKTEIONGO KARIATIDEA
Aurtengo gaiari jarraipena emateko asmoz, hau da, aurretik egindako hitzaldietan dagoeneko jorratutako artelanak berreskuratzeko, hilabete honetan Erekteiongo Kariatidea izango da hizketagai izango dugun molde-lana.
Urtero bezala, martxoan morez koloreztatuko da Artelena bere testuinguruan ekimena, zeinak aparteko protagonista bat izango baitu: 1934an Londrestik Bilbora iritsitako Erekteiongo Kariatidearen erreprodukzioa.
Gehienok eskolan ikasi ditugu ordena klasikoak. Baina ia inori ez zioten irakatsi antzinako Greziatik ordena horiek generoarekin lotuta zeudenik: batzuk maskulinoak ziren eta besteak femeninoak. Horiek horrela, jainko bakoitzari bere generoaren araberako ordena jakin bat zegokion, baina ez zuen nahitaez bere sexuaren araberakoa izan behar. Diseinu arkitektonikoan bertan inplizituki zegoen ezaugarri baten irudikapen fisikoa izan ziren kariatideak.
Hilabete honetako hitzaldian, kariatideen alderdi hori eta beste batzuk aztertuko dira. Gainera, Atenasko Erekteoko dontzeila haiek Erromatar Inperioaren garaitik gaur egun arte kopiatu dituzten emakume formako beste euskarri askoren eredu izan direla ikusiko dugu.
Horiek horrela, Museoak, ikasturte honetan, aukera abangoardistak eskaini nahi ditu berriro, non hurbileko kulturan oinarritutako jarduerak museoaren programazio zabalean gailentzen diren.
Alderdi horiek eta Berreginen Museoaren 2024-2025 programazioko nobedade guztiei buruzko beste kontu batzuk izango dira martxoko hitzaldian garatuko diren gaiak. Hitzordua martxoaren 27an izango da, 18:00etan, Museoan bertan. Sarrera doakoa da, eta parte hartzeko nahitaezkoa izango da aldez aurretik sarrera bat eskuratzea Berreginen Museoko webgunearen bidez: www.bilbokoberreginenmuseoa.eus
Bizkaiko erakunde honek bere jarduera urtetsuenaren aldeko apustua egiten jarraitzen du. Izan ere, hamabost urte baino gehiago daramatza hilean behin erakundearen bilduma eta erakusketak gertutik aztertzen, eta dagoeneko hiriko kultur erreferenteetako batean bilakatu da.
Berreginen Museoak 2006ko azaroan ireki zituen ateak berriro, Mariaren Bihotza eliza zaharraren egoitzan, eta Bizkaiko hiriburuko zaharrenetakoa da. Duela 80 urte sortua, genero bereko museoen artean onenetakoa da, ikusgai jarritako erreprodukzioen hautaketagatik eta kalitateagatik.
Artelana bere testuinguruan ekimenak ez du inoiz hutsik egiten, eta ikuspuntu paregabea eskaintzen du Berreginen Museoaren bildumari buruz.