
Bilboko Berreginen Museoak Belvedereko Apolori eskainiko dio otsaileko Artelana bere testuinguruan
Aurten, Museoak erabaki du hitzaldi horietan dagoeneko protagonista izandako pieza-sorta bat berreskuratzea
Bizkaiko erakundeak XX. mende hasierako formatzaile garrantzitsuenetako baten eskutik Museora iritsitako pieza bat izango du hizpide oraingoan
Hitzaldia otsailaren 27an, osteguna, izango da, 18:00etan, Museoan bertan
Parte hartzeko, doako sarrera eskuratu beharko da Museoko webgunean: www.bilbokoberreginenmuseoa.eus
Bilboko Artelan Berreginen Museoak jarduera berezi batekin emango dio jarraipena ikasturteari: Artelana bere testuinguruan.
Hainbat urtetan zehar eskainitako hitzaldi horien bidez, Itziar Martija teknikariak publikoari ezagutzera ematen dizkio Museoko bildumaren parte diren piezak zein erakundeak aldi baterako prestatzen dituen erakusketak.
Ikasturte hau oso berezia izaten ari da, Artelana bere testuinguruan ekimenaren ehungarren hitzaldia egin baita. Mugarri hori ospatzeko, iraganeko hitzaldietan dagoeneko protagonista izandako pieza-sorta bat berreskuratzea erabaki du Museoak.
Hautaketa hori askotariko arrazoiengatik egin da: publiko gutxi izan zutelako, laster 100 urte beteko dituen molde-lanen bilduman garrantzi handia dutelako, bitxiak direlako edo Museotik kanpo bidaiatu dutelako.
Otsaileko artelana bere testuinguruan: BELVEDEREKO APOLO
Aurtengo gaiari jarraipena emateko asmoz, hau da, aurretik egindako hitzaldietan dagoeneko jorratutako artelanak berreskuratzeko, hilabete honetan Belvedereko Apolo izango da hizketagai izango dugun molde-lana.
Bilboko Berreginen Museoak harro esan dezake Belvedereko Apoloren kopia zuzenean iritsi dela Bizkaiko erakundera XX. mende hasierako formatzaile garrantzitsuenetako baten eskutik. Francesco Mercatali zuen izena eta Vatikanoko Museoetan formatzaile gisa lan egin zuen. Bere tailerretik atera zen Pietà Mercatali ospetsua, Michelangeloren Errukiaren molde-lana, hain zuzen ere 2024ko udan jatorrizko eskultura ordezkatu zuena San Petrin.
Vatikanoko Apolo ospetsuenaren erreplika honek aukera emango digu jatorrizko eskulturaren historian sakontzeko, zeinak, aldi berean, Leocares K.a. IV. mendeko eskultore atenastarraren brontzezko original baten kopia helenistikoa edo erromatarra dirudien. Hitzaldian aurkikuntzaren lekuaz hitz egingo dugu, egungo Vatikanoko Museoen sorkuntzan izan zuen garrantziaz edo klasizismoaren pertzepzio garaikidean izandako eragin nabarmenaz. Horrez gain, eskaiolazko molde-lanek kopia oso eta kopia zatikatu gisa duten garrantzia azpimarratuko da, artelanen iragana eta etorkizuna arkeologikoki dokumentatzeko orduan.
Horiek horrela, Museoak, ikasturte honetan, aukera abangoardistak eskaini nahi ditu berriro, non hurbileko kulturan oinarritutako jarduerak museoaren programazio zabalean gailentzen diren.
Alderdi horiek eta Berreginen Museoaren 2024-2025 programazioko nobedade guztiei buruzko beste kontu batzuk izango dira otsaileko hitzaldian jorratuko diren gaiak. Hitzordua otsailaren 27an izango da, 18:00etan, Museoan bertan. Sarrera doakoa da, eta parte hartzeko nahitaezkoa izango da aldez aurretik sarrera bat eskuratzea Berreginen Museoko webgunearen bidez: www.bilbokoberreginenmuseoa.eus
Bizkaiko erakunde honek bere jarduera urtetsuenaren aldeko apustua egiten jarraitzen du. Izan ere, hamabost urte baino gehiago daramatza hilean behin erakundearen bilduma eta erakusketak gertutik aztertzen, eta dagoeneko hiriko kultur erreferenteetako batean bilakatu da.
Berreginen Museoak 2006ko azaroan ireki zituen ateak berriro, Mariaren Bihotza eliza zaharraren egoitzan, eta Bizkaiko hiriburuko zaharrenetakoa da. Duela 80 urte sortua, genero bereko museoen artean onenetakoa da, ikusgai jarritako erreprodukzioen hautaketagatik eta kalitateagatik.
Artelana bere testuinguruan ekimenak ez du inoiz hutsik egiten, eta ikuspuntu paregabea eskaintzen du Berreginen Museoaren bildumari buruz.