
Bilboko Berreginen Museoak Abidoseko Seti I.aren tenpluko erliebeak aztertuko ditu urtarrileko “Artelana bere testuinguruan” hitzaldian
Hitzaldia ostegunean, urtarrilaren 25ean, izango da, arratsaldeko 18:00etan, eta erakundearen aldi baterako erakusketa honetan oinarrituko da: “Ni neu, Isis, Señora de todas las tierras”
Itziar Martijak, erakusketaren komisarioak, eskainiko du hitzaldia
Parte hartzeko, doako sarrera bat eskuratu beharko da Museoko webgunearen bidez: www.bilbokoberreginenmuseoa.eus
Bilboko Berreginen Museoa.o Berreginen Museoak, urteari hasiera emateko, “Artelana bere testuinuruan” hitzaldiaren beste saio bat eskainiko du.
Hainbat urtetan eskainitako hitzaldi horien bidez, Itziar Martija teknikariak publikoari ezagutzera ematen dizkio Museoko bildumaren parte diren piezak zein erakundeak aldi baterako hartzen dituen erakusketak. Oraingoan, hitzaldiak hiru erliebe izango ditu ardatz, hain zuzen ere, erakundearen egungo aldi baterako “Ni neu, Isis, Señora de todas las tierras” erakusketaren parte direnak”. Horiek horrela, datozen hilabeteotan, hitzaldi honen bidez ezagutzera emango dira urrian inauguratutako erakusketaren xehetasun guztiak.
Erakusketa honen asmoa da, Egipto zaharraren ikuspegi polifazetiko batetik abiatuta, Euskal Museoaren eta Berreginen Museoaren bildumak bateratzea; horretarako, Niloko zibilizazioa antzinako Greziarekin lotzen duen hari gidari bat baliatuko da.
Erakusketa osoak Isis jainkosa izango du ardatz, eta erreprodukzioak zein Euskal Museoaren bildumako pieza egiptoar originalak jarriko ditu ikusgai.
Urtarrileko Artelana bere testuinguruan
Hilabete honetan, hitzaldiak Berreginen Museoko aldi baterako erakusketan dauden hiru erliebe hartuko ditu abiapuntutzat. Abidoseko Seti I.ren tenpluko erliebeen hiru erreprodukzio dira.
Hortaz, hitzaldiaren gai nagusia tenplua izango da. Seti I.ak, XIX. dinastiako faraoi handiak, hileta-tenplu hau eraikiarazi zuen Abidos hirian. Osirisek Egipton duen kultu-zentro nagusietako bat da. Seti I.aren agintaritzapean egindako obra guztien artean, Abidoseko tenplua izan zen bere gustukoena, amaituta ikusi ez zuen arren. Ramses II.ak jarraituko zuen bere aita Seti I.ak hasitako lana.
Tenplua garai hartako ohiko egituretatik aldentzen da eta beste elementu batzuk erabiltzen ditu, hala nola zazpi kapera eta beste hainbeste eguzki-txalupa, Horus, Isis, Osiris, Amon-Ra, Ra-Horakhty, Ptah eta Seti-Osirisi eskainiak. Hala ere, baliteke gaur egun elementurik deigarriena barne-dekorazioaren aberastasuna izatea, Seti I.aren agintaritzapean amaitutako dekorazioarena bereziki. Faraoiaren agintaritzapean bukatutako erliebe ugarik polikromia kontserbatzeaz gain, Egiptoko erliebeetan ezohikoa den xehetasun eskultorikoa ere erakusten dute.
Osiris, Isis eta Horus bi aldiz agertzen dira eraikin bitxi eta liluragarri honetan. Zazpi kaperen atzean, tenpluaren barruan dagoen tenplutzat jo daitekeen Osirisen Gunea dago. Bertan, Osirisen biziberrikuntza-erritua irudikatzen zen eta Isis zen protagonista.
Hitzaldian aztertuko dira berezitasun horiek, baita beste hainbat ere.
Ekimen honen bidez, Museoak berriz ere alternatiba abangoardistak eskaini nahi ditu ikasturte honetan; programazio zabala prestatu du horretarako, non hurbileko kulturan oinarritutako jarduerak gailenduko diren.
Alderdi horiek eta Berreginen Museoaren 2023-2024 programazioaren nobedade guztiekin lotutako beste kontu batzuk izango dira urtarrileko hitzaldian garatuko diren gaiak. Hitzordua urtarrilaren 25ean izango da, 18:00etan, Museoan bertan. Sarrera doakoa da, eta parte hartzeko nahitaezkoa izango da aldez aurretik sarrera bat eskuratzea Berreginen Museoko webgunearen bidez: www.bilbokoberreginenmuseoa.eus
Bizkaiko erakunde honek bere jarduera urtetsuenaren aldeko apustua egiten jarraitzen du. Izan ere, hamalau urte baino gehiago daramatza hilean behin erakundearen bilduma eta erakusketak gertutik aztertzen, eta dagoeneko hiriko kultur erreferenteetako batean bilakatu da.
Berreginen Museoa 2006ko azaroan ireki zen berriro, Mariaren Bihotza eliza zaharraren egoitzan, eta Bizkaiko hiriburuko zaharrenetakoa da. Duela 80 urte sortua, genero bereko museoen artean onenetakoa da, ikusgai dauden erreprodukzioen hautaketagatik eta kalitateagatik.
“Artelana bere testuinguruan” ekimenak ez du inoiz huts egiten, eta ikuspuntu paregabea eskaintzen du Berreginen Museoaren bildumari buruz.