
2023ko Uztailaren 4tik Irailaren 10ra
BILBOKO ERRALDOIAK”MARIAREN BIHOTZA PLAZAKO AZTARNATEGIRA ITZULIKO DA BIHAR, UZTAILAK 4
Erakusketa hori irailaren 10era arte egongo da zabalik, martitzenetik domekara, 10:00etatik 14:00etara bitartean. Uztailaren 25ean itxita egongo da, jaieguna delako.
Haurrek, era berean, "Erraldoien dantza" eta "Erraldoi bat zure hozkailuan" izeneko jarduerak izango dituzte uztailean.
Mariaren Bihotza plazako aztarnategiak “Bilboko erraldoiak” erakusketa klasiko eta tradizionala hartuko du bigarren urtez jarraian. Euskal kulturaren ezaugarri diren 1980 eta 1988ko belaunaldietako pertsonaia ezagun horiek ezagutu gura izanez gero, espazio horretara hurbildu ahal izango da bihartik, uztailaren 4tik (martitzena), irailaren 10era arte (domeka). “Bilboko erraldoiak” erakusketa martitzenetik domekara, 10:00etatik 14:00etara bitartean egongo da zabalik. Uztailaren 25ean, baina, itxita egongo da, jaieguna delako.
Pertsonaia historiko eta ospetsu horien erakusketaren bidez, euskal folklorearen zati garrantzitsu bat hurbiltzen eta partekatzen da urtero. Badira berrogei urte baino gehiago erraldoiak urian daudela. Izan ere, erakusketa hau Bizkaiko hiriburuko uda-garaiko jarduerarik jendetsuenetako bat bihurtu da urteen joanarekin. Hala, aurten, “Bilboko erraldoiak" erakusketan 1980ko belaunaldiko 10 erraldoi eta 1988ko belaunaldiko 6 erraldoi daude. 1980ko belaunaldikoak, Don Terencio, Zumalakarregi eta beste lau bikote dira. Eta 1988ko belaunaldikoak, ordea, Olagizona eta Zigarrogina, Marinela eta Zamaketaria, eta Ingelesa eta Bilbotarra daude, adibidez.
Erakusketarako sarrerek Artelan Berreginen Museorako sarreren kostu bera dute eta han bertan, San Frantzisko kaleko 14an, edo Aztarnategian (Mirasol kondea, 2). erosi ahal izango dira. Erakusketaren sarrerarekin museora sartu ahal izango da, eta alderantziz. Prezio orokorra 3 eurokoa izango da, eta taldeentzat, berriz, 1,5 eurokoa. Pentsiodunek, dibertsitate funtzionala dutenek, 12 urtetik beherakoek eta irakasleek dohainik dute sarrera.
ERRALDOIEKIN JOLASEAN
Erakusketa ez da izango Bilboko erraldoiekin eta buruhandiekin lotutako jarduera bakarra:
• “Erraldoien dantza”. Ondalan konpartsaren eskutik egingo da doako jarduera hau, uztailaren 14an eta 28an, 11:30ean. Elkargunea Mariaren Bihotza plazako aztarnategia izango da, eta ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea. Sarrera librea, edukiera bete arte.
• Tailerra: “Erraldoi bat zure hozkailuan”. Uztailaren 6an, 13an, 20an eta 27an, 12: 00etan, Museoko hezkuntza-taldeak erakusketa bisitatuko du, haurrei Bilboko erraldoien xehetasunak eta historia ezagutarazteko. Batez ere, Don Terencio eta Doña Tomasa jaun-andreena, haiek izango baitira protagonistak tailerraren bigarren zatian. Izan ere, ibilbidea amaitutakoan, haurrek iman bat egingo dute Bilboko bi erraldoi horien irudiarekin. Gehienez ere, 12 pertsonako taldeak izango dira, eta izen-emateak online egingo dira, Museoaren orrian; kostua euro batekoa izango da. Jarduera 6 urtetik gorako adingabeentzat da.