
Bilboko Berreginen Museoak San Valentin ospatuko du, maitasuna lortzeko hitzaldi "magiko" batekin
"Erosen magia" hitzaldiak desiratutako amodioa lortzeko antzinatean erabiltzen ziren sorginkeriak, araoak eta edabeak izango ditu hizpide
Hitzaldia otsailaren 14an izango da, 18:00etan, Museoan
Parte hartzeko, doako online sarrera eskuratu beharko da Bizkaiko museoaren webgunean
Berreginen Museoko teknikari Itziar Martijak eskainiko du hitzaldi berezi hau
Bilboko Berreginen Museoan San Valentin ospatzea ohitura bihurtu da, eta, beraz, ezin du huts egin. Hori dela-eta, Bizkaiko museoak hitzaldi "magiko" bat antolatu du aurten, otsailaren 14a ospatzeko. "Erosen magia" hitzaldiak desiratutako amodioa lortzeko antzinatean erabiltzen ziren sorginkeriak, araoak eta edabeak izango ditu hizpide. Hitzordua hilaren 14an bertan izango da, 18:00etan, museoko teknikari Itziar Martijaren eskutik.
Maiteminduen eguna iristen denean, normalean maitasunari buruzko mezuak jasotzen ditugu etengabe hainbat plataformaren bidez, baina amodioa desamodioaren eskutik helduta ibili da aspalditik. Izan ere, erromantze handien atzean, desiratutakoa lortzen ez duen pertsona ezkutatu ohi da. Kasu batzuetan, desira hori hain da handia, hain izugarria, non magiara jotzen baita hura asetu nahian. Makina bat maitasun-istoriotan (San Valentinenak izan edo ez) agertzen den jokabide hain gizatiar hori ez zen ezezaguna izan antzinatean.
Garai haietan, era askotako sorginkeriak, araoak, edabeak eta madarikazioak zeuden, desiratutako pertsona lortzeko, edo beste pertsona batengandik aldendu zedin lortzeko.
Arao eta madarikazio horiek material literarioaren corpusetan bildu dira, Papiro Magiko Grekoak eta Madarikazioaren Taulatxoak izenekoetan; eta horiei buruzkoa izango da Berreginen Museoaren aurtengo San Valentin eguneko hitzaldi berezia.
Papiroak testu heterogeneoen multzoa dira, eta horien artean araoak, formulak, ereserkiak eta erritualak biltzen dira, era askotako kontuak lortzeko xedea dutenak, besteak beste, maitasuna. K.a. I. mendearen eta K.o. V. mendearen artean idatzi zituzten, Egipto greko-erromatarrean.
Bestetik, Madarikazioaren Taulatxoak mundu greko-erromatarraren fruitu dira era berean, baina haien banaketa geografikoa askoz ere zabalagoa da, Atikatik Ingalaterrako Bathera hedatu baitziren. Berunezko xafla finak ziren, madarikazioak zituzten idatzita, eta tolestu eta zulatu egiten ziren, gero hilobietan lurperatzeko edo lurpeko ur-lasterretan uzteko.
Dokumentu horiek zer kontatzen duten eta maitasun-sorginkeria horiek nola egiten ziren jakiteko, jarduera honetara etorri behar da; hari esker, publikoak modu desberdin eta berezi batean ospatuko du egun berezi hau.
Benetako maitasun-sorginkeriak ezagutu nahi dituzu? Zatoz Berreginen Museora San Valentin ospatzera.
Parte hartzeko, doako online sarrera eskuratu beharko da museoaren webgunean: www.bilbokoberreginenmuseoa.eus