
Greziako herri musikaren kontzertua, Alexía Chrysomalli-ren eta Óscar Antolíren eskutik
Bilboko Berreginen Museoak espazioari egoki-egoki zaion kontzertu bat antolatu du
Alexía Chrysomallí eta Óscar Antolí Arte Klasikoaren bilduma bikainaren erdian haien musika eskaintzeko bertaratuko baitira Museora.
Grezia eguzkitsu eta abegitsua taupadaka dugu Alexía Chrysomallí kantari, konpositore eta gitarra joleak jotzen dituen gaietan. Emanaldi honetan, elkarlanean arituko dira Alexía Chrysomalli eta Oscar Antolí, gai bakoitza klarinetearen, klarinete baxuaren eta kavalaren ñabardura aberatsekin hornitzen dituena. Mediterraneoko soinua da nagusi bikote honengan, bakoitzaren nortasunaren berotasuna eta alaitasunarekin batera.
Greziako herri musikaren kontzertu hau Periplo Elkarte Soziokultural Filohelenoak antolatu du, eta Museoaren egoitzan (San Frantzisko Kalea, 14) izango da, maiatzaren 14an, arratsaldeko zazpietan. Sarrera 12 euroan dago salgai. Erreserbetarako nahiz argibiderik eskuratzeko 663684013 telefono zenbakira deitu behar da.
Alexía Chrysomalli Greziako Salonika hirikoa da, eta Vienan bizi da egun. Musikan egindako lehen urratsak umetan jasotako klarinete-eskolekin eman zituen, eta ondoren ekin zion kantuari. 19 urteko zela hasi zen era profesionalean kantatzen. Gaur egungo kantari eta konpositore greziarrekin batera elkarlanean aritutakoa da eta “StringLESS” emakume ahots taldearen sortzaileetakoa da. 2013. urtean zehar Mazedonia eta Traziako zenbait herritako jaialditan parte hartu zuen, Greziako herri musikaren musikaririk onenetako batzuekin batera, haiengandik zenbaezinezko kanta eta eskalak ikasi zituela. 2014tik 2016ra bitarte “Namaste” musika etnikoa jotzen duen taldean ibili zen kantari Santorini irlan. “Voice contact” metodoa garatu du: bertan, norbanako zein taldeko eskola eta atelierren bidez, kantuarekin eta ahotsarekin, hauek duten adierazmen, sendatze eta arimarekiko batzeko bitartekotasunean izandako bere esperientzia pertsonala transmititzen du. 2019an “Metamorphosis” bere lehen albuma grabatu zuen, bere 11 lan biltzen dituena, eta Salonikako musikari bikainen parte hartzea izan zuena. Bere kantek tradizio ondareaz duen ezagutza zabala (Greziako mugetatik harago doana) eta bere bizi ibilbidea eta nortasun dirdiratsua dituzte oinarri. https://www.alexiachrysomalli.com/
Óscar Antolí Kataluniako Goi-Musika Eskolan (KGME) Jazz eta Musika Modernoan lizentziatua da eta Rotterdameko (Herbehereak) Coderts Arteen Unibertsitatean Turkiako Musikan Masterra egindakoa da. Antolí musika estilo bion artean dabil murgildurik, eta Mediterraneoko kulturetan inspiratutako gaiak konposatu eta interpretatzen ditu. Tortosan jaiotakoa da, egun Vienan bizi da eta jazz jaialdi ugaritan jotzeko aukera izan du, hala nola, Tokio, Atenas, Bergen, Tanger, Aarhus, Maastricht, Südtirol eta Scarborough-ekoetan, besteak beste. http://www.oscarantoli.com/
Inguru paregabe batean Greziara hurbiltzeko aukera zoragarria.