
Bilboko Berreginen Museoak Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko du, jainkosen artean doako bisita gidatuak eskainiz
Emakumeek sortutako «Aurrez aurre. Jainkosak gara» jardueran, museoan aurkitu daitezkeen Olinpoko hiru jainkosaz hitz egingo da: Atenea, Afrodita eta Artemisa
Hitzordua martxoaren 8an izango da, ordutegi honen arabera: 10:00etan (gaztelaniaz), 11:00etan (euskaraz) eta 12:00etan (gaztelaniaz); 16:00etan (gaztelaniaz), 17:00etan (euskaraz) eta 18:00etan (gaztelaniaz).
Sarrera librea da, eta ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea. Ideia da publikoa adierazitako orduetan joan dadila museora bisita gidatuaz gozatzera.
Jarduera hau ilustratzeko, Museoak José Madrid argazkilariaren laguntza izan du, erakundearen hezkuntza-taldea –emakumez osatua– erretratatu baitu emakumea eta jainkosa nahasten dituzten argazkiak sortzeko.
Bilboko Berreginen Museoak berdintasunaren aldeko konpromisoa indartu du beste behin. Urtean zeharreko berdintasun-planaren araberako beste ekintza batzuez gain, erakunde honek beti programatzen du Emakumeen Nazioarteko Eguna ikusgai jartzeko eta ospatzeko jarduera bat. Horregatik, datorren martxoaren 8rako, «Aurrez aurre. Jainkosak gara» bisita gidatua antolatu du museoak.
Jardueraren helburua da museoan dauden Olinpoko hiru jainkosa hauen historia ezagutaraztea: Atenea, Afrodita eta Artemisa. Hori guztia, bakoitzaren arketipo mitologikoaren ikuspuntutik. Hori lortzeko, erakunde honek emakumez soilik osatutako hezkuntza-talde bat du, jardunaldi hau diseinatzeaz arduratu dena. Haiek eta greziar jainkosek bat egingo dute mezu sakona duten bisita gidatu paregabeetan zehar.
Hitzordua martxoaren 8an izango da, Bilboko Berreginen Museoan (San Frantzisko 14), ordutegi honen arabera: 10:00etan (gaztelaniaz), 11:00etan (euskaraz) eta 12:00etan (gaztelaniaz); 16:00etan (gaztelaniaz), 17:00etan (euskaraz) eta 18:00etan (gaztelaniaz).
Sarrera librea da, eta, beraz, ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea. Doako jarduera da, ate irekien formatuan pentsatua bisitariei bisita gidatura sartzea errazteko; izan ere, parte hartzeko, nahikoa dute adierazitako ordu horietakoren batera joatea museora.
Gainera, jarduera horrekin eta Diskomaniarekin bat etorriz –azken hori Berreginen Museoa une honetan eskaintzen ari den aldi baterako erakusketa da–, José Madrid argazkilariak argazki-saio bat egin du bisita gidatuak ilustratzeko. Hain zuzen, museoko hezkuntza-taldea osatzen duten emakume guztien erretratu sorta egin du.
Asmoa da muntaia batean erretratu horiek bildumako jainkosen irudiekin uztartzea. Argazki-lan horiek museoaren webgunean ere gozatu ahal izango dira zenbait astez: www.bilbokoberreginenmuseoa.eus.
Horrela, Bilboko Berreginen Museoak berdintasuna lortzea eta indartzea helburu duten jarduera guztiei lekua egiten jarraitzen du. Konpromiso hori une oro izan du gogoan erakundeak, irmo sinesten baitu horretan. Horregatik guztiagatik, berdintasun-planaren puntu guztiak garatzen jarraitzeaz gain, M8 inguruan antolatu den jarduera bat egingo da hil honetan bertan; laster emango da horren berri.
Martxoaren 8a emakumez, kulturaz eta jainkosez inguratuta ospatzea, zalantzarik gabe, emakumeen irudia gizartean aldarrikatzeko beste modu bat da. Hori dela eta, Bizkaiko erakunde honek bisita gidatu horietara joateko deia egin dio publiko guztiari, horietan ikaskuntza eta aldarrikapena eskutik joango baitira.