
Bilboko Berreginen Museoak 15. urteurrena ospatuko du, bildumako hainbat piezari kolorea emango dien argi-ikuskizun batekin
“Fokuen argipean” azaroaren 20an (larunbata) izango da, arratsaldez
Argiztapenaz gain, musika ere izango da protagonista egun horretan
Bizkaiko erakundearen jai honetara gonbidatutakoek “Diskomania” aldi baterako erakusketa berriaz gozatzeko aukera izango dute
Parte hartzeko, ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea. Sarrera doakoa izango da
Bilboko Berreginen Museoak 15 urte bete ditu egunotan. Hiru bosturteko igaro dira 2006ko azaroaren 21ean Bizkaiko erakundeak ateak ireki zituenetik Mariaren Bihotzaren Eliza zaharrean, hango patronatuko kideei, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Bilboko Udalari esker.
Dena dela, Museoak historia zabalagoa du, Bizkaiko hiriburuko zaharrenetakoa baita. 1927an, Manuel Ramírez Escudero jaunak museoa sortzeko mozioa aurkeztu zuenetik bost urtez hainbat gorabehera bizi izan ondoren, erakunde horren lehenengo Patronatu Batzordea eratu zen.
Une hartan, Museoak artean ez zuen bildumarik; hurrengo urteetan bildu zuen bilduma, Berreginen Museo Nazionalaren katalogoaz baliatuta. Patronatu Batzordea Europako museo garrantzitsuenen erreprodukzio-lantegiekin harremanetan jarri zen, gaur egun bere generoko bilduma onenetako bat dena eskuratzeko.
Berreginen Museoak hiru egoitza desberdin izan ditu urte hauetan, guztiak aurretik beste zerbaitetarako erabiltzen ziren eraikinetan, gero museo bihurtutakoetan: Berastegiko Eskolak, San Frantziskoko Eskolak eta Mariaren Bihotzaren Eliza, estilo neogotikokoa eta azken 15 urteotako egoitza.
Orain, urteurrena ospatzeko, Bizkaiko erakundeak ekitaldi berezi bat antolatu du. Berreginen Museoak urtero egin ohi duen “Kandelen argipean” ospakizuna, aurten, “Fokuen argipean” bihurtuko da, Diskomania aldi baterako erakusketak lagunduta. Erakusketa horrek Jose Madrid Santurtun argazkilariak sinatutako 25 erretratu ditu, eta euskal kulturako hainbat irudi, jatorri askotakoak, ikus daitezke, guztiak musikarekin eta disko ezagunekin lotutakoak.
Horregatik guztiagatik, “Fokuen argipean” esperientzian argia eta musika nahasten dira. Museoaren ikonoak, Samotraziako Garaipenak, 0 solairuko argiztapen berezia protagonista izango duen ibilbidea irekiko du, eta aldi baterako erakusketako protagonisten antzeko argazkiak ateratzeko aukera ere izango da.
Horretarako, lehenengo solairuan, Jose Madrid Santurtunek “Diskomania” erakusketako argazki-saioak egiteko Museoan jarri zuen estudio txikia berregin da. Erakusketako protagonistek bezalaxe, bisitariek ere disko baten azalarekin atera ahal izango dute argazkia, beren-beregi erreproduzitutako 50 diskoen arteko bat aukeratuta.
Ibilbidea osatzeko, Museoak erreprodukzio-zerrenda bat entzuteko gonbita egingo die ikusleei, non abesti guztiek greziar mitologia duten ardatz.
Doako ekitaldi honetan parte hartzeko ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea. “Fokuen argipean” azaroaren 20an (larunbata) izango da, arratsaldez.
15 urte hauetan, Bilboko Berreginen Museoak bilakaera izan du, eta gero eta erakusketa- eta jarduera-programa zabalagoa eskaintzen du. Gaur egun, Bizkaiko erakundea ekitaldi ugari antolatzeagatik nabarmentzen da. Eskultura klasikoen kopiek osatutako erakusketa iraunkorra, aldi baterako erakusketak, Artelana bere testuinguruan jarduera arrakastatsua… Horiei guztiei esker, Bizkaiko erreferentzia kultural bihurtu da Berreginen Museoa. Espazio honetan, erakundearen adierazgarri den izaera klasikoak bat egin du inguruaren bereizgarri den kultura-aniztasun etnikoarekin, eta, hala, hainbat arlotan elkarrekin lan egitea sustatu du horrek.
Publikoak beti babestu izan du Museoa, baita azken urteetan COVID-19aren ondorioz bizi izan ditugun une zailetan ere, eta Museoak urte hauetan Bilboko San Frantzisko auzoan bizi izan duen aurrerapen eta proiekzioaren bultzatzaile da. Hori dela-eta, erakundeak, urtebetetze berezi honetarako prestatutako ekitaldien bidez, eskerrak eman nahi dizkie 15 urte hauetan zentrotik igaro diren guztiei. Urtero antolatzen diren erakusketez eta jarduera propioez gain, ehunka ekitaldi egiten dira bertan, horietako asko erakundea kokatuta dagoen auzoko bizitzarekin estu lotutakoak. Halaber, San Frantziskon eta Bilbo Zaharrean programatutako kultur ekitaldi gehienen egoitza izan da eliza hau: Bilbo Zaharra, kulturarako zubia (ekimen horretako jarduerarik jendetsuena Tattoo Adicts izan zen); BAD, Zinegoak, Caostica eta Fair Saturday, adibidez.
Bestalde, Museoak irekita ditu beti bere ateak lurraldeko eta hiriko bizitza kulturarentzat. Hala, askotariko ekimenak hartu ditu: liburuen aurkezpenak, moda desfileak, zinema-grabaketak, pintxoen aurkezpenak, hitzaldiak eta abar.
Beste behin ere, Bilboko Berreginen Museoak erantzun positiboa espero du bisitarien aldetik, eta urteurrenaz gozatzera animatzen ditu.
“Fokuen argipean” bisitaren fitxa teknikoa:
Eguna: azaroak 20
Ordua: arratsaldean
Lekua: Bilboko Berreginen Museoa
Prezioa: dohain
Aurretiazko izen-ematea: ez da beharrezkoa