
“ARTEA IZANGO DA GURE MENDEKUA” HITZALDI ZIKLOA EGINGO DA BILBOKO BERREGINEN MUSEOAN A25-AREN TESTUINGURUAN
LEMPICKA Y ASOCIADAS KOLEKTIBOAK INDARKERIA MATXISTAREN AURKAKO ARTELANAK EZAGUTARAZIKO DITU AZAROAREN 20 ETA 27 LARUNBATETAN
“Artea izango da gure mendekua: indarkeria matxistari aurre eginez sortzen duten emakume artistak” izenburupean, Lempicka y Asociadas kolektiboak hitzaldi zikloa eskainiko du azaroaren 20an eta 27an, 11:30etik 13:00etara, Bilboko Berreginen Museoan. Azaroaren 25ean egiten den Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren testuinguruan garatuko den ekimena da, Bilboko Udalak aukeratu eta diruz lagundua, “Bilbao Aurrera 2021” kultura-proiektuetarako deialdiaren barruan.
“Jardueraren helburua da artea matxismoaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren agerpenen aurka birmoldatzeko eta salatzeko bide gisa erabili duten artista klasiko, moderno eta garaikideen praktikei buruzko ezagutza eta eztabaida gune bat sortzea”, haren bultzatzaile Bea Apariciok eta Susana Carramiñanak adierazi dutenez. Hitzaldien testuinguruan, ikusizko, ikus-entzunezko eta performaziozko artelanen berri emango da, denak gai hauen ingurukoak: gorputzen gaineko indarkeria, hala sinbolikoa nola instituzionala, sexu-indarkeria, tratu txar fisiko eta psikologikoa, eta sistema patriarkaletik emakumeei sozialki ezarritako biktimaren kategoria zalantzan jarri eta berpiztu duten lanak.
Hitzaldi ziklo honen bidez, Lempicka y Asociadas kolektiboaren helburua da “indarkeria matxistaren ikuspegi partzial eta estereotipatua haustea, adierazpen eta espazio desberdinei buruz hitz egiten diguten artelanak ikusiz”. Beste helburu bat da beren lanetan desberdintasuna, gizonek emakumeen gainean dituzten botere-harremanak, sistema heteropatriarkalaren egiturazko indarkeria eta gisako gaiak landu dituzten emakume artista plastiko, bisual eta ikus-entzunezkoetakoen genealogia zabala hurbiltzea jendeari.
Ikuspuntu horretatik abiatuta, Artemisia Gentileschi margolari italiarraren lanak ikusiko dira; XVII. mendean, ikonografia artistiko androzentrikoaren aurka matxinatu zen Gentileschi, tradizio klasikoko eta Bibliako emakume heroikoen irudikapen partikularraren bidez, baita pieza garaikideagoen bidez ere, hala nola Las Tesis kolektiboak egindako “Bortxatzaile bat zure bidean” famatua. Performance hori 2019ko azaroaren 25ean eszenifikatu zen Txileko Santiagoko Arma Plazan, eta milioika emakume mobilizatzea lortu zuen, banakakoak zein antolatuak, eta mundu osoan errepikatu zuten hainbat plaza eta espazio publikotan.
Mendeetan zehar, artista askok erantzun dute sexismoaren, emakumeen gorputza hertsatzearen, tratu txarren, bortxaketaren, jazarpenaren eta feminizidioen aurka, artea arma bakar dutela. Apariciok eta Carramiñanak uste dute beharrezkoa dela “sortzaile horiek aintzatesteko eta zabaltzeko lana” egitea, eta, horrez gain, honako hau nabarmendu dute: “Artea indarkeria matxistaren aurkako borroka eta salaketa modu bat da, gizartearen aurrean erantzun kolektiboak eraikitzen lagundu dezakeena”. Horregatik, hitzaldiak amaitu ondoren, taldeak eztabaidarako eta elkarrizketarako gune bat irekiko du.
Hitzaldiak doakoak eta jende guztiarentzat irekiak izango dira, Museoko aretoko edukiera bete arte. Gainera, bi hitzaldiak streaming bidez jarraitu ahal izango dira YouTubeko @lempickayasociadas kanalaren bidez.
Bilboko Lempicka y Asociadas kolektiboa 2018tik ari da artearen arloko hausnarketarako, sorkuntzarako, ikerketarako, hezkuntzarako eta bitartekotzarako proiektuak garatzen ikuspegi feministatik. Duela gutxi “Norberaren gela” jardunaldiak antolatu ditu Bilbon, BAGI “Bilbao Arte Gela Irekia” deialdiaren bidez.
Informazioa:
e-maila: lempickayasociadas@gmail.com