
BILBOKO UDALAK BLV – ART PROGRAMAREN EDIZIO BERRI BAT JARRIKO DU ABIAN, EKAINAREN 3TIK 13RA, DANTZA, ANTZERKI ETA ARTE BIZIETAKO IKUSKIZUN GARAIKIDEEKIN (Berreginen Museoan)
BLV ART-ek bost estreinaldi absolutu ekarriko ditu hirira, eta hiru estreinaldi Euskadin, dantza protagonista dela.
- Era berean, jendeak hainbat aukera izango ditu: collage antzerki-proposamenak, kontzertuak, performanceak, solasaldi performatiboak, site – specificak eta ibilbide ibiltariak auzoko kultura-espazioetan
- Abangoardiako adierazpen artistikoei lotutako programa hau Udalaren Plan Bereziaren barruan kokatzen da, Bilbo Zaharra eta San Frantzisko birgaitzeko trakzio-elementu gisa.
Bilbo Zaharreko kaleek BLV-ART programaren beste edizio bat hartuko dute ekainean, Bilboko Udalak antolatuta. Hala, ekainaren 3tik (osteguna) 13ra (igandea), auzoa topagune izango da abangoardiako arte-proposamen onenekin gozatu nahi duten guztientzat.
XV. edizio honetako nobedadeak komunikabideen aurrean aurkeztu dituzte gaur goizean Gonzalo Olabarriak, Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotziak, eta Alicia Ochandateguik, BLV – ART jaialdiaren zuzendariak. Arriera konpainia bilbotarrak bere proposamenaren “Café cantante Amargura” piezaren lagin txiki bat partekatu du.
Edizio berri honetan, dantzak paper garrantzitsua izango du, beste diziplina batzuekin batera, antzerkiarekin eta arte biziekin, besteak beste. Era berean, Bilbo Zaharrean, San Frantziskon eta Zabalan hitzaldi performatiboek eta ibilbide gidatuek beren lekua izango dute BLV – ART programazioan. Aurten, guztira, 5 estreinaldi absolutuak izango dira hirian, eta hiru estreinaldi Euskadin.
PROGRAMAZIOA
Ostegunean, ekainaren 3an izango den inaugurazioa. Eva Guerreroren konpainiaren eskutik etorriko da eta “P E R I F E R I A S” aurkeztuko dute, edizio honetako lehen estreinaldi absolutua.
Dantza garaikideko lana da hau, Nerea Alberdi, Carla Sevilla eta Jon Zabalaren jatorrizko musikarekin. Begirada poetiko batetik, gorputz baten eta bestearen artean dagoen espazioaz eta inguruan geratzen den espazio guztiaz hausnartzen du. Fair Saturday 2020rako Anesvadekin izandako lankidetzari esker sortu da lan hau, eta ikus-entzunezko pildora bat sortu du egun honetan aurkeztuko den ikuskizunaren aurrerapen gisa.
Emanaldi hau pase bikoitzean izango da (18:30ean eta 19:15ean) eta publiko orori zuzenduta dago.
Egun horretan bertan, 20:00etan, Arriera konpainiak "Café cantante Amargura" lana partekatuko du San Frantziskoko Udaltegian, Bilbo Zaharra-San Frantzisko-Zabalaren historian oinarritutako paperezko antzerki-kabaret eta dokumentu-antzerki pieza bat, non XIX. mendearen amaieratik jarduera eszeniko eta sozial garrantzitsua garatu zen.
Estreinaldi absolutuek asteazkenean 9an jarraituko dute, 19:30ean, Mariaren Bihotzaren Plazako Aztarnategian, Beatriz Sanchez eta "Ex Tradicional 48003" proposamenarekin.
Hitzaldi performatibo eta bideokreazio hau sorkuntza –proposamena da, herrietako jai tradizionalak simulatzea planteatzen duena, praktika eta adierazpide ohikoenak erabiliz: desfileak, kantutegiak, esaldiak, buruhandiak, dantzak edo jolasak. Gainera, solasaldi ludiko-performatibo honetan proiektua, garapena eta izan ditzakeen ondorioak azalduko dira. Dokumentazio bisuala www.extradicionales.com web-mapping gunean igoko da eta han geolokazitatuta geratuko dira auzoan egindako ekintza guztiak ekainaren 10etik aurrera. Online mapa horretan, lehen aipatutako dokumentuez gain, auzoan egindako ekintzak jasoko dira, eta Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala ezagutzeko aukera birtuala izango da.
Nabarmentzekoa da, halaber, Bilborock aretoak hartuko duen estrainaldi absolutua hilaren 10ean, 19:30ean, Node konpainiaren eskutik eta “Natura 2021” izenburupean. “Natura 2021“ dantza, performance eta ikus-entzunezko pieza bat da, dantzari bat protagonista duena, bere izaeraren sakonetik ibilbide bizia publikoarekin partekatzen duena Ahalduntzearen aldeko oda bat da ere, iritzi, jarrera eta helburu bat, aurrera egitea alegia, defendatzeko gune bat sortzearen aldekoa, hain zuzen.
Hurrengo premierra MAR-MAR Nerea Martínez konpainiaren eskutik iritsiko da. Larunbatean, hilak 12, 18:30ean eta 19:30ean, “Abrazo” dantza aurkeztuko dute. Site – specific dantza da, eta bakoitzak eskultura, materia, esertzeko ideiarekin lan eginez gero zer gertatuko litzatekeen azaltzen du, gorputza lokatza delakoan. Lan honek Harrobia ekoizpen-zentroak sustatzen duen Eszenabide 2020ren deialdian beka jaso du, eta formatu luzean estreinatuko da hurrengo BAD jaialdian. Emanaldi hauetaz gozatu ahal izango da Berreginen Museoan.
Estreinaldi absolutuei dagokienez, ekainaren 13an BLV -ART ixteko arduradunak Isaac Erdoiza eta Nazario Díaz izango dira, “Conversation Pieces (Fuego verde)” lanarekin.
Ikuskizuna Mariaren Bihotzaren Aztarnategian izango da, 13:00etan. Lanak soinuaren eta entzutearen izaerari buruz gogoeta egiten du, eremu koreografikoan garatutako gorputzaren praktikei dagokienez, soinu-itunaren eta -esperimentazioaren ideiatik hurbilago dagoen gailu batekin. Aztarnategirako site - specific gisa sortu zen, eta, horren ondorioz, BAD jaialdiaren hurrengo edizioan ere estreinatuko da.
ESTRENALDIAK EUSKADIN
Hiru proposamen estreinatu ditu BLV – ART-ek Euskadin.
Horietako bi ekainaren 4an izango dira.
Lehena Aztarnategian izango da 18:30ean, eta Pablo Fidalgoren eskutik etorriko da, “Qualcosa nascèra da noi” antzerki performatibo pieza bat partekatuko duena. Artistak bere osaba Alessandrok grabatutako kasete batzuk bereganatu zituen, non emakume bati hitz egiten zion 30 urtetan zehar. Zinta horietan, Fidalgo ia sei hilabetez entzuten, transkribatzen eta hautatzen egon zen maitasun-istorio bizia eta bitxia zirudiena. Juan Loriente aktorea baino hoberik ez performance hau antzezteko.
20:00etan, Bilborock aretoan, La Caja Flotanteren txanda izango da, “Beautiful Stranger” antzezlanarekin, “lanean bakarrizketa bat guztiekin, eta elkarrizketa norberarekin. Izan garen bestearen, edo izan gintezkeenaren, bilaketa dago”.
Euskadiko azken estreinaldia hilaren 5ean izango da, larunbatean. Bárbara Sánchezek “Mystic Bacala” partekatuko du Bilborock aretoan, 19:30ean. Kontzertu honek espazio ireki eta partekatua sortzen du, eta gorputz guztiek askatasunez ospatu ahal izango dute “Jainko bizi baten presentzia, zeinak Várvararen ahotsaz hitz egingo baitizu, Musika Infinituaren soinuaz, Valentziako soinuaz, bakalao soinuaz”.
Proposamen horiek guztiak beste hiru ikuskizunekin osatzen dira: batetik, Tranpola konpainia igandean, hilak 6, 12:15ean, eta 13:30ean, Berreginen Museoan izango da “Txilin Hotsak” ikuskizunarekin, 20 minutuko umore zentzugabea ikusle guztientzat. Beste alde batetik, egun horretan bertan, 19:30ean, Bilborock aretoan, Maite Aizpuruak “Erresistentzia arazo fisikoa da” euskarazko performancearekin, jendeari “ezgaitasuna” kontzeptua intimitatetik geratzera eta atzera gonbidatzen diona.
Arte eszenikoez euskaraz gozatzeko eguna izango da.
Gainera, La Pacheca Collective konpainia San Frantziskoko Udaltegian izango da ostiralean, hilak 11, “1ª Democracia: Antifranquismo” ikuskizunarekin, 19:00etan eta 20:30ean.
Antzerki – performanceko pieza honek historia berridatzi nahi du, ezkutukoa lurpetik atera eta hitza benetako lekukotzekin, diktadurari, Francoren heriotzaren egunari, “La Collares” edo Referendumari buruz hitz egiten dutenak. Proposamen hau, zentzumenetatik abiatuta, oroimena lantzeko ariketa kolektiboa da.
BISITA GIDATU IBILTARIAK: BLV-ART BIDAIA
Ekainaren 5eko eta 6ko asteburuan, 12:00etatik 14:00etara, BLV-ARTek beste hitzordu bat proposatu du: BLVART.BIDAIA, auzoko kultur gune autogestionatuetarako ibilbide gidatu eta ibiltaria.
Sarean abiapuntu eta helmuga izanik, diziplina arteko kultura-proiektua da, zentzumenen eta memoriaren bidez ibilbide gidatua egiten duena, eta performance-artea, bitarteko berrien artea, street art, kultura-bisita, diseinua, dantza, musika esperimentala eta berrikuntza gastronomikoa lantzen ditu.
Ibilbidean, autogestionatutako hainbat kultura-gune bisitatuko dira, eta 80ko hamarkadaren amaieratik gaur egun arte Bilbo Zaharra-San Frantzisko eta Zabalan izan diren arte-adierazpen berritzaileenen historia ezagutuko da.
Geralekuetako batean, jendeak esperientzia sentsorial kolektibo batean parte hartuko du: kontzertu esperimentala, performancea, hitzaldia edo dastaketa gastronomikoa.
Etortzerik ez duenak Bilbao KulturakoYoutube kanalaren bidez egin ahal izango du ibilbide hau, asteartetik aurrera (hilak 8).
SARRERAK ETA ERRESERBAK
- Bilborocken eta Mariaren Bihotzaren Aztarnategian programatutako proposamenetarako sarrerek 5 euroko prezioa dute eta www.bilbaokultura.eus. helbidean daude salgai gaurtik aurrera.
- Berreginen Museoan eta San Frantziskoko Udaltegian programatutako ikuskizunak doakoak dira, eta aurretiko erreserba egin ahal da esteka honetan. Erreserbak pertsona bakoitzeko gehienez bi plazatarako egin behar dira, ikuskizuna hasi baino 48 ordu lehenagotik hasi baino bi ordu lehenagora arte, eta ekitaldia hasi baino 15 minutu lehenago arte izanen dute balioa.
- Ibilbide gidatuak ere sarrera librekoak dira, baina ezinbestekoa da aldez aurretik esteka honetan izena ematea.
BLV-ART, abangoardiako adierazpen artistikoei lotua, Bilbo Zaharra eta San Frantzisko birgaitzeko trakzio-elementu gisa Kulturaren aldeko Plan Bereziaren barruan kokatzen da.
BLV – ART-eko informazio guztia hemen dago eskuragarri
#BILBAOUDABERRIA2021
BLV-ART #BILBAOUDABERRIA2021 udal-ekimenaren parte da. Ekimen horren bidez, Bilboko herritar guztiek aisia- eta kultura-planak egin ahal izango dituzte udaberriko hilabete hauetan, betiere higiene- eta osasun-berme guztiekin.