Berreginen Museoko “Artelana bere testuinguruan” zikloko otsaileko hitzaldiaren muina greziar arteko eskuen komunikatzeko boterea izango da
“Gorputz Hiztuna. Eskuekin hitz egiten” hitzaldiak erakundean dagoen “20 gorputz, 20 artista” aldi baterako erakusketara hurbilduko gaitu oraingoan ere
Hitzaldi ezaguna otsailaren 25ean (osteguna) izango da, 18:00etan
Saioan, hitzik gabeko komunikazioaz hitz egin, eta horrek artelanen mezua osatzen nola laguntzen duen azalduko da
Itziar Martija Berreginen Museoko teknikariak emango du hitzaldia, osasun-segurtasuneko neurri zorrotzak beteta
Parte hartzeko, aldez aurretik egin beharko da erreserba, 94 415 02 31 zenbakian
Bilboko Berreginen Museoak “Artelana bere testuinguruan” zikloaren edizio berezia du ikasturte honetarako: hilez hil, Itziar Martija teknikariaren eskutik, ikusleek hurbiletik ezagutuko dute “20 gorputz, 20 artista” aldi baterako erakusketa berria, Fidel Díez Mesa komisarioarena. Orain dela hilabete batzuk inauguratu zen erakusketa horrek Euskadin bizi diren eta puri-purian dauden 20 artista garaikideren obrak baliatzen ditu, Grezia klasikoko perfekzio fisikoaren ideia ardatz hartuta konparazio-lana egiteko. Ekimen horren bidez, Bizkaiko erakundeak lanean jarraitu nahi du abangoardiazko programazio ofiziala eskaintzeko eta, era horretan, tokiko kultura segurua sustatzeko.
Hil honetako hitzaldiaren asmoa greziar arteko hitzik gabeko komunikazioan sakontzen jarraitzea da, eta izen hau du: “Gorputz Hiztuna. Eskuekin hitz egiten”. Otsailaren 25ean izango da, 18:00etan, Bilboko Berreginen Museoan. Sarrera doakoa izango da, eta parte hartzeko izena eman beharko da aldez aurretik, 94 415 02 31 zenbakira deituta.
“Artelana bere testuinguruan” zikloko saio honetan, hitzik gabeko komunikazioan jarriko da arreta. Zehazki, eskuen komunikatzeko ahalmenean zentratuko da, betiere, greziar artearekin lotuta.
Gaur egun bezala, antzinako greziarrek eskuak erabiltzen zituzten hitzezko komunikazioa indartzeko eta, jardun artistikoari dagokionez, artelan osoaren bidez transmititu nahi zen mezua osatzeko; hala narrazioaren ikuspegitik, nola pertsonaren osaerari dagokionez, bai bestearekiko bai komunitatearekiko harremanean.
Hitzaldian, keinu bidezko hainbat komunikazio-moduri buruz hitz egingo da, eta doluari buruzkoari arreta berezia jarriko zaio; oso garrantzitsua zen greziar munduan, kultura gehienetan bezala, oso alderdi sozial markatua baitzuen. Doluaren keinuak, gainera, generoaren definizio zehatz bat darama berarekin, eta hori ez da harritzekoa greziar kultura bezain banaketa binario nabarmena duen kultura batean. Irudikatzeko moduaren eboluzioari buruz hitz egingo da; gizona, pixkanaka, urrundu egiten da sentimenduen edozein adierazpide publikotatik, eta emakumea, berriz, horien erdigunean jartzen da.
Aurten, zikloaren asmoa da gorputzaren gaian zentratzea, eta hainbat alderditatik helduko zaio, greziar antzinaroarekin lotuta, betiere.
Hala, Bilboko Berreginen Museoak bere jarduerarik aspaldikoenari eutsiko dio 2020-2021 ikasturtean ere, gaur egungo egoerari aurre eginez. Hilean behin erakusketako pieza bat aztertzen duen solasaldi ezagunak 10 urte baino gehiago ditu dagoeneko, eta hiriko kultur erreferenteetako bat bilakatu da.
Bilboko Berreginen Museoa 2006ko azaroan zabaldu zen ostera ere gaur egun duen egoitzan, hau da, Mariaren Bihotzaren eliza izandako eraikinean, eta Bizkaiko hiriburuko zaharrenetako bat da. Orain dela 80 urte sortu zen, eta onenetakoa da bere alorrean, erakusten diren berreginen hautaketari eta kalitateari begiratuz gero.
Nor etorriko da “Artelana bere testuinguruan” “berrira”? Goza ezazu Berreginen Museoaren solasaldi ezagunenaz, aldi baterako beste erakusketa bat ezagutzearekin batera.
“ARTELANA BERE TESTUINGURUAN” ZIKLOA
• Eguna: 2021eko otsailaren 25a, osteguna
• Ordua: 18:00etan
• Lekua: Berreginen Museoa (San Frantzisko kalea 14. Bilbo)