
Bilboko Berreginen Museoak haurrentzako ikuskizun bat hartuko du Gabonetan, Xanpatito Patoren ‘Só’
Ikuskizunak sari asko irabazi ditu, eta zirkua eta antzerkia nahasten ditu malabarrekin
Larunbatean izango da, hilaren 26an, 17:00etan
Adin guztietako haurrentzako ekitaldia da
Sarrerako prezioa 5 eurokoa da helduentzat. Haurrentzat doan izango da
Parte hartzeko, aurrez izena eman beharra dago, 94 415 02 31 telefono zenbakira deituta
Bilboko Berreginen Museoak beste behin haurrentzako jarduerak eskainiko ditu Gabonetan. Oraingo honetan, Xanpatito Pato artistaren Só ikuskizunak show berritzaile bat ekarriko du, zeinak zirkua eta antzerkia nahasten baititu malabarrekin.
Pertsonaia setatia da, burugogorra eta zorrotza. Bakarra bere espeziean, eta bere kontroletik kanpo dauden kutxa ugariz inguratua; horiekin jolastuko da bere mundua eratzeko. Kaosetik eldarniozko unibertso bat sortuko da, non irria asmatzen duen, erokeria komikoa sorraraziz eta itxura berriko izaki berria bilakatuz. Hauxe ikusiko dute ikuskizunaz gozatzea erabakitzen dutenek. Mimoaren artea etxeko adin guztietako haurrentzat.
Ikuskizun honek aitorpenak irabazi ditu jaialdietan, eta sari ugari lortu, hala nola MADnCircus saria eta Zirkozaurre Topaketako saria.
Jarduera larunbatean izango da (hilak 26), 17:00etan, Berreginen Museoan. Parte hartzeko, izena eman beharko da alde aurretik, 94 415 02 31 telefono zenbakira deituta, eta sarrerako prezioa 5 eurokoa izango da helduentzat. 12 urtez azpikoentzat sarrera librea da.
Haurrentzako jarduera denez, heldu bakarra joan ahalko da adingabe bakoitzeko. Bestalde, heldu batek gehienez ere hiru haurri egin diezaieke lagun.
Bizkaiko erakundeak osasun protokolo zorrotza beteko du, eta jende kopurua eta tenperatura kontrolatuko ditu, baita higienea eta segurtasun distantziak ere, Covid-19ak sorrarazi duen araudia bermatzeko.
Artista: Xanpatito Pato
2011n abiatu zuen bere ibilbide artistikoa, Galizian, eta ondoren bekadun sartu zen Circonove zirku eskolan (Santiago de Compostelan); bertan, eskolak hartu zituen zirkuko diziplina ugaritan.
2013-2015 urteen artean, Madrilgo Carampa eskolan eman zien jarraipena bere ikasketei; hala, bere teknika hobetu zuen bai antzerkian, bai dantzan eta bai malabarretan; azken hori da bere espezialitatea. Eskolan, Pass & Company konpainia eratu zuten, eta Madrilgo Talent lehiaketa irabazi zuten zirkuaren eta arte alternatiboen diziplinan. Konpainia horrekin Juguete Roto 3p0 eratu zuen, zeinak sari bat irabazi baitzuen Valladolideko kale antzerkiaren eta artearen Nazioarteko 18. Jaialdian, Off atalean.
Azken urteetan leku batean baino gehiagotan ibili da; besteak beste, PRICE zirku antzerkian, Teatros del Canalen, The Great State circus of Moscown, Le Channel Scene Nationale de Calaisen, Teatro Maria Guerreron eta Teatro Alfilen. Pass & Companyn egindako lanaz gainera, kolaborazioak egin ditu Gandinijugglingekin, Ale hopekin, Sánchez proiektuarekin, Pistacatrorekin, Chipolataserekin eta abarrekin.
Animatu eta apuntatu oraintxe, Gabonetan Berreginen Museoaz gozatzeko!
Oinarrizko informazioa
Xanpatito Patoren Só
Eguna: 2020ko abenduaren 26a
Ordua: 17:00
Tokia: Berreginen Museoa (San Frantzisko kalea 14)
Prezioa: 5 euro helduek. Haurrek (12 urte arte) doan
Hizkuntza: mimoa
Izena alde aurretik eman behar da: 94 415 02 31