Bilboko Berreginen Museoan «Mintzo den gorputza: ideala, bestea, ez-ideala» hartuko da hizpide, Obra bere testuinguruan zikloaren urriko edizioan
Hitzaldi ezaguna urriaren 29an izango da, ostegunez, 18:00etan, Bizkaiko erakundean
Museoak, egitasmo honen bidez, «20 gorputz, 20 artista» izeneko aldi baterako erakusketa aurkeztu nahi du, zeina Fidel Díez Mesa komisarioak osatu baitu
Hitzaldiak antzinako Greziara joko du, eta aztertuko du nola islatzen den garaiko pentsamendu filosofikoa eta arau soziala giza gorputzaren errepresentazioan
Itziar Martijak, Berreginen Museoko teknikariak, eskainiko du hitzaldia, segurtasun-neurri zorrotzak betez
Parte hartu nahi duenak izena eman behar du aldez aurretik, telefono honetara deituta: 94 415 02 31
Bilboko Berreginen Museoak, aurtengo ikasturtean, «Obra bere testuinguruan» programaren edizio berezi bat antolatu du, aldi baterako erakusketa berria oinarritzat hartuta –«20 artista, 20 gorputz» du izena, eta Fidel Díez Mesa komisarioak osatu du–; bisitariek, hilabetez hilabete, erakusketa hobeto ezagutzeko aukera izango dute, Itziar Martija teknikariaren eskutik. Erakusketa honek, zeina urriaren 1ean ireki baitzen, 20 artista garaikideren lanak biltzen ditu –Euskadin bizi dira artista horiek denak, eta puri-purian daude–, Grezia klasikoko bikaintasun fisikoarekin alderatzeko xedez. Egitasmo honen bidez, Bizkaiko erakundeak lanean jarraitu nahi du abangoardiako programazio ofiziala eskaintzen, eta, modu horretan, tokiko kultura modu seguruan sustatzen.
Hitzaldia, «Mintzo den gorputza, ideala, bestea, ez-ideala» izenburua duena, urriaren 29an egingo da, 18:00etan, Bilboko Berreginen Museoan. Sarrera dohainik da, baina, parte hartu nahi duenak izena eman behar du aldez aurretik, 94 415 02 31 zenbakira deituta.
Urrian, antzinako Greziara eramango gaitu Obra bere testuinguruan hitzaldiak, eta aztertuko du nola islatzen den garaiko pentsamendu filosofikoa eta arau soziala giza gorputzaren errepresentazioan.
Antzinako greziarrek gorputzen inguruan egindako errepresentazioetan, ez da soilik ideal fisiko bat adierazten. Horrez gainera, gorputzen errepresentazioak baliagarriak dira hierarkia sozialak ulertzeko eta ikusteko nola hautematen zuten hiritarrek gizarteko kide bakoitza. Kontuan hartuta errepresentazioen adina, gorputzaren tankera, jantziak –edo jantzirik eza–, gorputzaren aldaketak, eta, jakina, gorputz-mota bakoitzarekin egindako errepresentazioen kopurua, gizarte hartako antolaketa sozialaren isla zuzena antzemango dugu.
Hitzaldiak, beraz, antzinako Greziako unibertsoa osatu zuten era askotako gorputzak erakutsiko dizkie parte-hartzaileei.
Aurtengo zikloaren helburua da gorputzaren gaian zentratzea, horri hainbat alderditatik helduz eta antzinako Greziarekin lotuz beti.
Hala, Bilboko Berreginen Museoak bere jarduera aspaldikoenari eutsiko dio 2020-2021eko ikasturtean, gaur egungo egoera zaila izan arren. Hitzaldi ezagun honek, zeinak erakusketako pieza bat aztertzen baitu hilean behin, 10 urtetik gora iraun du, eta erreferente kulturala da hirian.
Bilboko Berreginen Museoa 2006an ireki zen berriro, eta Mariaren Bihotza eliza zaharrean du egoitza orduz geroztik. Bizkaiko hiriburuko museo zaharrenetako bat dugu. Duela 80 urte sortu zen, eta onenetako bat da bere motakoen artean, bertan erakusten diren berreginen hautaketa eta kalitatea dela medio.
Nork parte hartu nahi du Obra bere testuinguruan «berrian»? Goza ezazu Berreginen Museoko hitzaldi ezagunenaz, eta, aldi berean, deskubritu aldi baterako erakusketa berria.
«OBRA BERE TESTUINGURUAN» ZIKLOA
• Eguna: 2020ko urriaren 29a, osteguna
• Ordua: 18:00etan
• Lekua: Berreginen Museoa (San Frantzisko kalea 14. Bilbo)