Moda kontua

Agerikoa da edertzat daukaguna ez dela naturaren emaitza hutsa, guk daukagun mundua ikusteko moduaren emaitza baizik, hau da, bizi dugun gizartearen eta kulturaren emaitza. Hala ere, mendeetan zehar, baita gaur egun ere, antzinako Greziak sortutako edertasun-modeloa paradigmatikotzat, jarraitu beharreko eredutzat, onartua izan da.

Antzinako greziarrek edertasunari buruz zuten kontzeptu hori, zeina gizonezkoen eta emakumezkoen kasuan ezberdina zen, Natura imitatzean oinarritu zuten, betiere printzipio jakin batzuk kontutan hartuz: neurria, atal ezberdinen arteko proportzioa, simetria, oreka eta idealizazioa.

Garai hartako beste herri batzuek ez bezala, greziarrek ideal horiek irudikatzeko era egokiena gizonezko atletikoen biluziak egitea zela ulertu zuten. Ondorioz, artea gorputz perfektuak, gihartsuak eta aurpegi idealizatuak eta espresiorik gabeak zituzten jainkoez, heroiez eta atletez bete zen.

Emakumeak, aldiz, etxearen mantenuarekin eta zaintzarekin lotzen ziren. Hauen gorputz biluzien irudiak oso eskasak ziren, Afrodita zen salbuespen bakarra. Horretaz gain, umildu edo ahul bihurtu nahi ziren emakumeak agertu ohi ziren biluzik, non ugalkortasunarekin edota emagin gisa zuten rolarekin zerikusia zuten alderdiak azpimarratu ohi ziren.

FacebookTwitterDiggDeliciousGoogle BookmarksRedditLinkedinRSS FeedPinterest