BERREGINEN MUSEOA ZIENTZIAZ BETEKO DA, ZIENTZIAZ BLAIrekin

“Kristalak: aurkitzeko mundu bat" erakusketa maiatzaren 23tik 30era arte ikusi ahal izango da Bizkaiko erakundean

 

Adimen artifiziala, ikuspuntu kulturala duten matematikak, zientziaren eragina gizartean, gure inguruko geologia, eta behaketa astronomikoa izango dira Bilboko San Frantzisko auzoak zientzia-dibulgazioari buruz hartuko dituen zenbait jarduera, Zientziaz Blai, zientzia-dibulgazioaren jardunaldien bigarren edizioa dela-eta.

 

Kultura zientifikoa erakustea tresna boteretsua izan daiteke eraldaketa sozialerako; beraz, “pertsona guztiek zientziara jotzeko aukera berberak izan beharko lituzkete”, LOGOS elkartea deitzen den zientzia-dibulgaziorako elkartetik adierazten duten legez.

 

Esaldi hori aintzat hartuta, maiatzaren 23tik 30era arte Zientziaz Blai ekimena antolatu da, zientzia-kultura auzoetara hurbiltzeko. “Horrela, kultura zientifikoarekin erlazionaturiko baliabide publikoekiko sarbidea eta bidezko banaketa bultzatzen da, garapen soziala eta aukeren berdintasuna sustatuz”, diote.

 

Jardunaldietan zehar, zientzia-dibulgazioari buruzko hainbat jarduera egingo dira, formatu ezberdinetan, eta, horien artean, maiatzaren 23tik 30era arte Berreginen Museoan ikusgai izango den “Kristalak: aurkitzeko mundu bat” erakusketa azpimarratu behar da. Kristalen mundu liluragarrira eta horiei esker lortzen diren aurrerapenetara hurbilaraziko gaituen erakusketa izango da. Era berean, Deustuko Unibertsitateko adimen artifizialari buruzko irakasle eta ikertzailea den Miguel Ángel Veganzonesek robotikaren eta makina-ikastaldiaren aukerenganako hurbilketa eskainiko du. Maiatzaren 23an, ostegunean, izango da BilboRocken, ‘Ex Machina’ filmaren emanaldia eskainiko duten zineforum saio batean.

 

Ostiralean, maiatzaren 24an, Sarean kultura-zentroan, “Matematikak zure eskuetan (ikuspuntu kultural bat Bilbo Zaharra auzotik)” izenburua duen ponentzia eskainiko da; bertan, matematikaria eta dibulgatzailea den Raúl Ibáñezek pertsonek, euren kultura eta jatorriaren arabera, zenbatzeko duten modu ezberdinei buruz hitz egingo du. Jardunaldia Jorge Hernández astrofisikariaren behaketa astronomiko batekin amaituko da, Mariaren Bihotza Plazan.

 

Bestetik, maiatzaren 25ean, larunbatean, lau adituk zientziari eta gizarteari buruzko hitzaldiak eskainiko dituzte Sarean zentroan; bertan, hainbat gai aztertuko dituzte, esate baterako, emakumeen zeregina zientzian, eguraldiaren iragarpena, material berrien zeregina etorkizunean edota nola neurtzen den elikagaien salneurria.

 

Ekitaldia amaitzeko, maiatzaren 25ean, igandean, irteera ekologikoa egingo da Bilbo historikoan barrena; han, Blanca Martínez eta Judith Balanzategui geologoen eskutik, geologiak gure paisaia nola baldintzatu duen erakutsiko da, bai eta gure hiriburuaren bilakaera historikoa ere.

 

Zientzia-dibulgaziorako LOGOS elkarteak antolatzen du Zientziaz Blai, eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Kultura Zientifikoaren Katedraren, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatearen, SAREAN kultura-zentroaren, Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabalako taldeen Koordinakundearen, BCMaterials ikerketa-zentroaren, Bilboko Udalaren, Bilbao Ekintzaren eta Bilboko Berreginen Museoaren lankidetza du.

FacebookTwitterDiggDeliciousGoogle BookmarksRedditLinkedinRSS FeedPinterest