Karlos V.aren bustoa izango da protagonista, ostegun honetan, Bilboko Berreginen Museoaren “Artelana bere testuinguruan” hitzaldi zikloaren barruan

Bizkaiko erakundeak hitzaldi bat egingo du eskultura horri buruz hitz egiteko. Hain zuzen ere, “Plazaren bihotzean. El Corazón de San Francisco” aldi baterako erakusketaren barruan dagoen bildumako erreprodukzio bakarra da eskultura hori. Hitzaldi eta bisita gidatuaren bidez (osteguna, hilak 28, 18:00etan, sarrera librea), lanaren erreferentzia artistikoak eta historikoak aztertuko dira.

 

Ostegun honetan, hilak 28, obra gonbidatua oso berezia izango da: Karlos V.aren bustoaren kopia. Era honetako jarduerei esker, sakonago ezagutu ditzakegu Bilboko Berreginen Museoko bildumako piezak. Museoaren patronoak Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia dira. Hitzaldia, doakoa, 18:00etan hasiko da.

 

Oraingoan, Itziar Martija Museoko teknikari eta hitzaldiaren arduradunak “Plazaren Bihotzean. El Corazón de San Francisco” aldi baterako erakusketan dagoen Museoko bildumako pieza bakarrari buruz hitz egingo du. Karlos V.aren marmolezko bustoaren kopia da; originala Leone Leonik egin zuen enperadorearentzat, XVI. mendearen erdialdean.

 

1549an, Enperadoreak Leone Leoni eskultore italiarrari estatua batzuk eskatu zizkion gorterako. Enperadorearen eta haren arrebaren, Maria Hungariakoaren, hainbat erretratu ziren; hala tamaina naturalekoak nola brontzez eta marmolez egindako bustoak. Horien artean zeuden, mintzagai izango den bustoaz gainera, Karlos V.a eta Furfuriaren multzo famatua. Azken obra horretan, eskultoreak brontzelari gisa zuen gaitasuna utzi zuen agerian; marmolezko bustoan, berriz, bikain interpretatu zituen erromatar inspirazioko all’antica erretratu tradizionalak, eta Karlos V.aren irudiari esanahi alegoriko berriak eman zizkion, haren duintasun inperialarekin bat zetozenak.

 

Hitzaldian, Leone Leonik eta Pompeo haren semeak Espainiako gortearen zerbitzura egin zuten ibilbidearen errepasoa egingo dugu. Ondoren, 1549an egin zitzaion enkargua hartuko dugu hizpide, eta, azkenik, bustoaren analisia egingo dugu.

 

Hitzaldi entretenigarri bati esker, bertaratutakoek piezaren xehetasun guztien berri izango dute.

 

Jarduera osatzeko, artelana zuzenean ikusi ahal izango da, bisitan. Zikloa dagoeneko erreferente bat da Museoaren programazioaren barruan, eta hori indartu egiten du hezkuntzaren eta kulturaren ikuspegitik. Bilboko Berreginen Museoa 2006ko azaroan ireki zen berriz gaur egungo egoitzan, Mariaren Bihotza eliza izandakoaren egoitzan, alegia, eta Bizkaiko hiriburuko zaharrenetakoa da. Duela 80 urte sortu zen, eta bere generoaren barruan onenetarikoa da, erakutsitako erreprodukzioen aukeraketa eta kalitatea direla-eta.

 

“ARTELANA BERE TESTUINGURUAN” ZIKLOA

•           Eguna: 2019ko otsailaren 28a, osteguna

•           Ordua: 18:00etan

•           Lekua: Bilboko Berreginen Museoa

•           Sarrera librea, aurrez erreserbatzeko beharrik gabe

 

Museoaren ordutegia:

•           Asteartetik larunbatera: 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara

•           Igandeetan: 10:00etatik 14:00etara

•           Itxita: astelehenetan eta jaiegunetan

FacebookTwitterDiggDeliciousGoogle BookmarksRedditLinkedinRSS FeedPinterest