Venus Milokoa izango da Artelana bere testuinguruan zikloko hitzaldiaren protagonista, irailean, Bilboko Berreginen Museoan

Bizkaiko erakundeak bere hitzaldi arrakastatsua eskainiko du, ezagutzen diren eskulturen artean ziurrenik zaharrena denari buruz hitz egiteko.Hitzaldi-bisita baten bitartez (irailaren 27an, osteguna, 18:00etan, doako sarrerarekin), eskultura honen erreferentzia artistiko eta historikoak aztertuko dira

 

Irailaren 27an (osteguna), hitzaldiak oso artelan gonbidatu berezia izango du hizpide: Venus Milokoa. Mota honetako jarduerei esker, Bilboko Berreginen Museoko bilduman dauden piezak edo espazioak hobeto ezagutzeko aukera izango dugu. Era berean, Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia nabarmendu behar ditugu, beraiek baitira museoaren babesleak, eta museoak gauzatutako proiektu guztiei ematen diete babesa. Hitzaldiak doakoak dira, eta 18:00etan hasiko dira.

 

Oraingo honetan, Itziar Martijak (Museoko teknikaria eta hitzaldiaren arduraduna) artelan honetaz hitz egingo du; izan ere, ezagutzen den eskulturarik zaharrena da, beharbada. 1820an aurkitu zenetik, Venus Milokoa ikono unibertsal bihurtu da. Hala ere, iradokitzeko gaitasun horregatik ez ezik, oraindik gaur egun duen misterioagatik ere bada Venus hau Artelana bere testuinguruan zikloko ikasturte berria hasteko pieza ezin hobea.

 

Aurten, Berreginen Museoak xedetzat hartu du hitzaldietan aurretik jadanik protagonista izandako piezak berreskuratzea, ikuspegi berria emanda.Lehenengoa Venus Milokoa izango da, irailaren 27an.Urrian, Ondarearen Europako Jardunaldien egitarauan parte-hartzaile den aldetik, Bizkaiko erakundeak Afrodita Cnideari erreparatuko dio genero-ikuspegi batetik. Hitzaldiaren funtsa honakoa izango da: Venusen adierazpenak emakumezkoen gorputz biluzia ulertzeko modua guztiz markatu zuelako ideia. Hurrengo hilean, azaroan, oraindik zikloaren protagonista izan ez den eskultura izango da mintzagai: Diana Versailleskoa. Emakumeak protagonista dituen hasieraren ondoren, urtarriletik aurrera gizonak sartuko dira jokoan.

 

Baina, oraingoz, irailean Venus Milokoa izango da ardatza, eta bere historia liluragarria azalduko da: nola aurkitu zuten, eta gero nola aldatu zuten lekuz, Frantziara.Itziar Martija gertaera guztiak kontatzen saiatuko da, eta, halaber, estatua Louvrera eraman zutenetik gure pertzepzioa aldatu egin dela azalduko du.Estatuaren inguruan sortu diren mitoak kontatuko dira, eta ziurtasun osoz ezagutzen diren datuak (oso gutxi) aurkeztuko dira. 

 

Hitzaldi entretenigarri baten bitartez, bertaratzen direnek artelan honen xehetasun guztiak ezagutu ahalko dituzte.

 

Jarduera osatzeko, eskultura zuzenean ikusteko aukera emango duen bisita egingo da.Zikloa Museoaren egitarauaren erreferente bilakatu da dagoeneko, eta bere alderdi pedagogiko eta kulturala sendotzen du.Bilboko Berreginen Museoa (2006ko azaroan berriro zabaldu zuten oraingo egoitzan, Mariaren Bihotza eliza zaharrean) Bizkaiko hiriburuko zaharrenetarikoa da.Duela 80 urte sortu zen, eta generoko onenetarikoa da, erakusgai dauden berreginen hautaketa eta kalitateagatik.

 

“ARTELANA BERE TESTUINGURUAN” ZIKLOA

•           Eguna:2018ko irailaren 27a (osteguna)

•           Ordua:18:00

•           Lekua:Bilboko Berreginen Museoa

•           Doako sarrera; ez da aurretiaz erreserbatu behar.

 

Museoaren ohiko ordutegia:

•           Asteartetik larunbatera, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara.

•           Igandeetan:10:00etatik 14:00etara.

•           Itxita:astelehen eta jaiegunetan.

FacebookTwitterDiggDeliciousGoogle BookmarksRedditLinkedinRSS FeedPinterest