Euskal Museoak eta Bilboko Berreginen Museoak emakumeen berdintasunari buruzko bi jardunaldi antolatu dituzte martxoaren 8a ospatzeko

"Emakumeen aztarnen atzetik" bisita gidatua eta "Nire edertasuna marrazten" tailerra

 

  • Bi instituzioek emakumeen zeregina balioetsi nahi dute.
  • Euskal Museoak bisita gidatua antolatu du martxoaren 8an, osteguna, 18:00etan. Bisitan, euskal lanbide tradizional batzuetan emakumeek egin duten lana aztertuko da.
  • Artelan Berreginen Museoak emakumeei zuzendutako marrazketa-tailerra antolatu du martxoaren 10ean, larunbata, egun osoan (matrikula: 10€).
  • Bi jardueretan parte hartzeko, inskripzioa egin behar da aldez aurretik, telefono honetara deituta: 94 415 02 31.

 

Euskal Museoak eta Bilboko Berreginen Museoak emakumeen zeregina balioetsi nahi dute, eta, hortaz, bi ekitaldi antolatu dituzte Emakumeen Nazioarteko Eguna, martxoaren 8a, dela eta. Hala, bada, martxoaren 8an (Euskal Museoan) eta 10ean (Artelan Berreginen Museoan), bisita gidatu bat eta marrazketa tailer bat izango dira, hurrenez hurren, emakumeek emakumeentzat pentsatuta. Era horretan, Bizkaiko bi instituzioek berariaz nabarmendu nahi dute emakumeek egungo gizartean betetzen duten zeregin garrantzitsua.

 

Lehenengo hitzordua martxoaren 8an izango da, 18:00etan, Euskal Museoan. Bisita gidatu berezia izango da, "Emakumeen aztarnen atzetik" izenekoa. Museotik egingo den ibilaldian, itsasoari, industriari, baserriari eta etxeari lotutako euskal lanbide tradizionalak hartuko dira hizpide; emakumeek funtsezko zeregina bete dute haietan. Gainera, ziurrena, istorioak sortuko dira, euskal emakumerik ezagunen biografia batzuk oinarritzat hartuta. Azkenean, instituzioak berak duen egitura aztertuko da, historikoki emakumeek zuzendu baitute eta plantilla ere gehienbat emakume teknikariek osatzen baitute.

 

Bisitan parte hartzeko, izena eman beharko da aurrez, 94 415 02 31 telefonora deituta. Gehienez 30 lagunentzako tokia izango da.

 

Bigarren hitzordua martxoaren 10ean izango da, Artelan Berreginen Museoan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Bea Apariciok eta Susana Carramiñak "Nire edertasuna marrazten" izeneko tailerra eskainiko dute. Jarduera emakumeei zuzenduta dago. Feminismotik abiatuta, zalantzan jarri nahi da edertasunari eta emakumeen gorputzei buruzko begirada patriarkala, eta marrazketaren bidez aukera eman nahi da berezko begirada eraikitzeko. Tailerra teoriko-praktikoa izango da, eta, parte hartu ahal izateko, marrazketako jakintzak eduki beharko dira aldez aurretik. Azken batean, tailer honetan, berezko begirada landu, eta generoak begirada eraikitzean duen zeregina aztertu nahi da.

 

Parte hartu nahi duten emakumeek aldez aurretik eman beharko dute izena telefono honetan: 94 415 02 31. Matrikularen prezioa 10 euro dira, eta guztira 15 plaza daude.

 

EUSKAL MUSEOKO BISITA GIDATUARI BURUZKO OINARRIZKO INFORMAZIOA

Eguna: Martxoaren 8a

Ordua: 18:00

Prezioa: Doan

Hizkuntza: Gaztelania

Biltzeko tokia: Euskal Museoa (Unamuno plaza 4)

Aurretiazko inskripzioa: 94 415 02 31

 

ARTELAN BERREGINEN MUSEOKO MARRAZKETA TAILERRARI BURUZKO OINARRIZKO INFORMAZIOA

Eguna: Martxoak 10

Ordua: 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara

Prezioa: 10 euro

Hizkuntza: Gaztelania

Biltzeko tokia: Artelan Berreginen Museoa (San Frantzisko 14)

Aurretiazko inskripzioa: 94 415 02 31

FacebookTwitterDiggDeliciousGoogle BookmarksRedditLinkedinRSS FeedPinterest