Euskal Museoaren eta Berreginen Museoaren bisitari kopurua %29 handitu da 2017an

Bi erakundeek, erakusketa eta jardueren programa zabalari esker, euskal kulturaren eta arte klasikoaren Bilboko erreferente izatea lortu dute

 

Urte berri bat hasi da, eta heldu da iazkoaren azterketa egiteko ordua. Hala egin dute Bilboko Euskal Museoak eta Berreginen Museoak, San Frantziskoko komentu zaharraren aztarnategiarekin batera, eta emaitza benetan pozgarria da. Bi museoak barne hartzen dituen Bilbao Bizkaia Museoak erakundearen bisitari kopurua, oro har, %29,30 handitu da 2017an, eta, hala, 18.800 bisitari gehiago izan zituen iaz. Euskal Museoak, 2016an, 55.066 bisitari izan zituen, eta 2017an, 68.324. Bestalde, Bilboko Berreginen Museoak 5.590 bisitari gehiago izan ditu azken urtean, eta, horrenbestez, 9.257 bisitari izatetik 14.847 bisitari izatera igaro da. Azken horretako bisitari kopurua, batez ere, irailean San Frantziskoko komentu zaharreko aurriak ireki ondoren suspertu da; 3.000 pertsona inguruk bisitatu dute gune hori, ireki ondorengo lehen asteetan.

 

Bi lekuetan ikusgai dauden erakusketa iraunkorrei, 2017an programatu diren aldi baterako erakusketei eta jarduera programa zabalari esker lortu da bisitari kopurua igotzea. Euskal Museoak euskal kulturan murgilarazten du bisitaria; sustraietaraino bidaiatzeko aukera ematen dio, eta izateko eta bizitzeko modu bat erakusten dio. Espazio horretan, iaz hainbat erakusketa txundigarri ireki ziren; besteak beste, “Frivolité. XVIII. mendeko jantziak” eta “Bilboko Erraldoi eta Buruhandien erakusketa” mitikoa. Halaber, bertan egin dira “Zinemaz Blai” zinema ziklo ezaguna, Basque Fest, Gau Zuria, Gabonetako tailerrak edo ekitaldiz betetako Ondarearen Europako Jardunaldiak.

 

Bestalde, Bilboko Berreginen Museoan abiarazi zen 2017an Afrodita jainkosari eskainitako aldi baterako erakusketa. Erakusketa iraunkorraz gainera, erakundeak beste zenbait jarduera arrakastatsu antolatu ditu, esate baterako, “Swing Museoan!”. Halaber, San Frantziskoko komentu zaharraren aztarnategia ireki du, eta bertan egin dira zenbait ekitaldi, adibidez, azoka solidario jendetsua. Era berean, zenbait ekitaldi hartu ditu, besteak beste, “Bilbao Black Experience” eta “Gau Irekia”, eta beste urte batez “Artelana bere testuinguruan” hitzaldi ziklo arrakastatsua antolatu dute.

 

Horri guztiari gehitu behar zaizkio landutako hezkuntza programa bat, egun seinalatuetan egindako bisita gidatu bereziak, ikastetxeekin egindako jarduerak eta bi museoek hartzen dituzten aldi baterako erakusketekin lotutako ezin konta ahala ekitaldi. Normalean, publiko orokorrari zuzendutako doako jarduerak izaten dira, eta leku guztiak betetzen dira. Gainera, prentsaurrekoak, aurkezpenak, beste erakunde batzuen erakusketak edo hirian antolatutako beste ekitaldi batzuk bi museo ezagun hauen egunerokoan txertatuta daude.

FacebookTwitterDiggDeliciousGoogle BookmarksRedditLinkedinRSS FeedPinterest