Botticelliren Venusen jaiotza izango da protagonista, ostegun honetan, Bilboko Berreginen Museoko «Artelana bere testuinguruan» hitzaldi zikloaren barnean

Erakundeak antolatu ohi dituen hitzaldi arrakastatsu horietan, Errenazimenduko margo garrantzitsuena den koadroa hartuko da hizpide oraingoan. Hitzaldi eta bisita baten bidez aztertuko dira koadroko erreferentzia artistiko eta historikoak (osteguna, azaroak 30, 18:00etan).

 

Ostegun honetan, hilak 30, obra oso berezi bat izango da mintzagai: Botticelliren Venusen jaiotza. Horrelako jarduerei esker, hobeto ezagut daitezke Bilboko Berreginen Museoaren bildumako zenbait pieza edo espazio. Era berean, Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia aipatu behar ditugu; izan ere, museoaren babesleak dira, eta museoaren proiektu guztiak babesten dituzte. Hitzaldiak 18:00etan hasiko dira eta doakoak dira.

Oraingo honetan, Itziar Martija Museoko teknikariak hitz egingo du aipatutako obrari buruz. Zalantzarik gabe, Errenazimentuko koadrorik famatuena da, baita, seguru asko, Artearen Historia osokoa ere. Botticellik gai mitologiko hau karrera artistikoko mailarik gorenean zegoela margotu zuen, eta inspirazio iturri izan zituen Florentziako Neoplatonismo giroko ideia humanistikoak.

Obra nork eskatu zion seguru ez badakigu ere, badirudi Lorenzo di Pierfrancescoren (Lorentzo Medicikoaren lehengusua) enkargu bat izan zela, landa inguruko bizitoki batean jartzeko. Argitu gabeko beste kontu bat hau da: ez dakigu nor izan zen Venusen figura egiteko eredu gisa hartu zuen emakumea, nahiz eta Simonetta Cattaneo Vespucci dela pentsatu nahi izan den. Genovako emakume gazte hori, Marco Vespucciren emaztea, Botticelliren modelo eta musa izateaz gainera, Giulio Medicikoaren, hau da, Lorentzo Medicikoaren anaiaren maitasun platonikoa izan zen.

Haren omenez, Giulianok lehiaketa bat antolatu zuen 1475ean. Lehiaketa horretarako idatzi zuen Angelo Poliziano poetak obra poetiko bat, eta, dirudienez, Botticelliren inspirazio iturri izan zen, Venusen jaiotzaren eszena irudikatzeko orduan.

Hitzaldi entretenigarri baten bidez, lan horren xehetasun guztiak ezagutu ahal izango dituzte bertaratutakoek.

Hitzaldiaz gainera bisita bat egongo da, eta aukera egongo da koadroa zuzenean ikusteko. Museoaren alderdi kulturala eta pedagogikoa indartzen dituen ziklo hau jada erreferente bat da programazioan. Bilboko Berreginen Museoa, 2006ko azaroan ireki zen gaur egungo eraikinean, hain zuzen, Mariaren Bihotza, Bilboko elizarik zaharrenetako bat, zegoen lekuan. Duela 80 urte sortu zen, eta mota horretako museorik onenetako bat da, ikusgai dauden erreprodukzioen aukeraketa eta kalitatea dela-eta.

 

«ARTELANA BERE TESTUINGURUAN» ZIKLOA

•           Eguna: 2017ko azaroak 30, osteguna.

•           Ordua: 18:00etan.

•           Lekua: Bilboko Berreginen Museoa.

•           Sarrera librea; aurrez erreserbatzeko beharrik ez.

 

Museoaren ordutegia:

•           Asteartetik larunbatera: 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara

•           Igandeak: 10:00etatik 14:00etara

•           Itxita: astelehenak eta jaiegunak.

FacebookTwitterDiggDeliciousGoogle BookmarksRedditLinkedinRSS FeedPinterest