Aristogitonen bustoa aztertuko dute ostegun honetan “Artelana Bere Testuinguruan” programaren barruan, Bilboko Berreginen Museoan

Bizkaiko instituzioak hitzaldi-sorta arrakastatsu honen hitzordu berri bat antolatu du, Atenaseko Tiranizidei dagokion eskulturaren harira. Hitzaldi bat eta bisita gidatu bat egingo dira (ostegunean, hilaren 26an, 18:00etan; sarrera, doan), eta, horien bidez, artelanaren erreferentzia artistikoa eta historikoak aztertuko dira

Ostegunean, hilaren 26an, obra berezi-berezi bat aztertuko da programa honen barruan, hain zuzen ere, Aristogitonen bustoa. Atenaseko tiranizidetako bat izan zen hura. Halako jarduerei esker, sakonago ezagutzen ditugu Bilboko Berreginen Museoaren bildumako piezak eta espazioak. Era berean, ezinbestean aipatu behar ditugu Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia, museoaren patronoak baitira eta museoan egiten ditugun proiektu guztiak babesten baitituzte. Hitzaldia 18:00etan hasiko da, eta sarrera doakoa izango da.

Itziar Martijak emango du hitzaldia: Museoko teknikaria eta hitzaldi-sortaren arduraduna da bera. Berak kontatuko digun moduan, Napoles hiriko Arkeologia Museoan dagoen Tiraniziden eskultura-sortako ale baten kopia da Museoan gordetako hau. Eskultura-sorta hori, era berean, brontzezko eskultura-sorta greziarraren kopia bat da, erromatarrek egina. Jatorrizko greziarra Antenorrek egin zuen, K.a. VI. eta V. mendeen artean.

Martijak, gainera, Harmodio eta Aristogiton maitaleen arteko istorioa ere izango du hizpide. Ez zuten haiek garaitu Hipias, Atenaseko tiranoa eta Psistratoren semea; edonola ere, tiranoa erori osteko borroka politikoaren garaian, askapenaren ikur politiko bihurtu omen ziren biak, eta, antza denez, K.a. 510. eta 490. urteetan bitartean, modu ofizialean hasi ziren herritarrak haiek gurtzen. Gurtza horren ondorioz, Tiraniziden eskultura-sorta eraiki zen, noizbait, Atenas hiriko Agoran. Huraxe izan zen diru publikoarekin ordaindu zen eta hiritar indibidualak omentzen zituen lehen estatua greziarra.

Xerxes Atenasera sartu zenean, bere erreinuko hiriburura eraman zuen eskultura-sorta, Susara; orduan, atenastarrak Kritiosi eta Nesiotesi eskatu zieten eskultura-sorta originalaren kopia bat egiteko, brontzez hura ere. Hurrengo mendean, Alexandro Handiak jatorrizko eskultura-sorta berreskuratu zuen. Gaur egun, bertsio erromatarrak baino ez dira gordetzen, eta ez dakigu zeren kopiak diren: Antenorrek egindako eskultura-sortarenak, edo, aldiz, Kritiosek eta Nesiotesek egindakoenak.

Lehen eskultura-sorta noiz egin ote zen, zalantza handiak daude horren inguruan, eta, era berean, ez dakigu noiz gurtzen ote ziren Tiranizidak Atenasen, ez eta zer familiatik zetozen Harmodio eta Aristogiton ere.

Piezari buruzko misterio horiek denak argitzeko aukera paregabea da Martijaren azalpenak aditzea, hitzaldi entretenigarria eskainiko baitu.

Hitzaldiaren ostean, jarduera osatzeko, bisita gidatu bat egingo da, eta eskultura bertatik bertara behatu. Ziklo hau erreferente argia da Museoaren programazioaren barruan, eta Museoaren alor pedagogiko eta kulturalaren erakusgarria da. 2006ko azaroan ireki zen berriro Bilboko Berreginen Museoa, gaur egungo egoitzan, Mariaren Bihotzeko eliza zaharrean. Bizkaiko hiriburuko museo zaharrenetakoa dugu: orain dela 80 urte eratu zen, eta, gisa horretako museoan artean, punta-puntakoa da, kalitate handiko berreginak baitaude bertan.

“ARTELANA BERE TESTUINGURUAN” ZIKLOA

•           Eguna: 2017ko urriaren 26a, osteguna

•           Ordua: 18:00.

•           Tokia: Bilboko Berreginen Museoa

•           Sarrera, dohainik; ez da izena eman behar aldez aurretik

Museoaren ordutegia:

•           Asteartetik larunbatera: 10:00-13:30 eta 16:00-19:00

•           Igandetan: 10:00-14:00

•           Astelehenetan eta jaiegunetan, itxita

FacebookTwitterDiggDeliciousGoogle BookmarksRedditLinkedinRSS FeedPinterest