Azkuna Zentroak Antoni Miraldaren “Janari Santua” lana inauguratu du Bilboko Berreginen Museoan

Azkuna Zentroak, Antoni Miralda artistaren lana ekarriko du Bilbora, Vicent Todolík komisariatua. Bi egoitza izango ditu: Janari Santua lana hartuko duen Bilboko Berreginen Museoa eta Azkuna Zentroko Erakusketa Aretoa. Bertan, Bartzelonako Museu d'Art Contemporanitik (MACBA) datorren erakusketa inauguratuko du ekainaren 7aneta Azkuna Zentroko espazioetara egokitu dena.

Antoni Miralda

Antoni Miralda Terrassan (Bartzelona) jaio zen 1942an. Hamar urte Parisen egon ondoren, New Yorkera joan zen, 1972an. Gaur egun Miami eta Bartzelona artean bizi da. 60ko hamarkadan, «Parisko kataluniarrak» –Joan Rabascall, Jaume Xifra, Benet Rossell eta Dorothée Selz– deitutakoekin batera, taldeko erritual egin zituen, janariaren zeremonialaren inguruan, kolorea eta haren sinbolismoa oinarri hartuta.

Urteetan zehar, instalazio handiak garatu ditu, lengoaia inkonformista, eta jai-girokoa, rabiliz, eta artea bizitzara gerturatu du.

Bere etnologia gastronomikoaren ondorioz, hainbat aintzatespen jaso ditu nazioartean. 2000. urteaz geroztik FoodCulturaMuseum-ean buru-belarri sartuta dago Miralda: aniztasun gastronomikoari eta horrek planetako kulturekin duen loturari buruzko ikerketan eta hausnarketan oinarritutako hainbat proiekturen artxibo bat da.

Antoni Miraldaren lana

Sinbiosirako gaitasun handia izanda, Antoni Miraldak (Terrassa, 1942) bizileku zuen testuinguru sozialarekin eta kulturalarekin harremanetan eraiki zuen bere obra. Parisen izan zen, hain zuzen, 1962an kokatu zen hirian, eta horrek berezko lan-metodoa izateko oinarriak jarri zituen; baina Amerikako kulturaren aurkikundea izan zen benetako katalizatzailea.

Miralda 1972n Estatu Batuetara iritsi zenean, asalduzko garaiak ziren han, Vietnamgo gerran sartuta baitzegoen herrialdea, eta, gainera, sistemari aurre egiten zioten mota guztietako mugimendu politiko eta sozialekin astinduta. Miralda ondo moldatu zen laborategi sozial horrekin, askatasunaren sentsazio nabarmena arnasten baitzen han. Amerikako bizitzako berezko kulturen ‘melting pot’ edo fusiorik gabe, haren obra oso bestelakoa izango zen. Parisen galeriako espazioa utzi zuen kalera ateratzeko, eta performancetik urrundu, eta 'artista parte-hartzaile' bilakatuko zuen ibilbideari ekin zion; Amerikan, berriz, zeremonia kolektibora eta sozialera eboluzionatu zuen. Parisen janariaren eta kolorearen unibertsora bideratu zuen bere kezka esperimentala –‘traiteur coloristearen’ ideia–; Amerikan, aldiz, konplexutasun formal handiagoa hartu zuen obrak, eta, aldi berean, ikus-entzuleak hasi zen sartzen, ekintza sortzailearen partaide aktibo gisa.

Kultura desberdinen fusioa, hiri- eta giza paisaien dimentsioak, eta herri-ikonografiek eta erritualitateek in situ egindako behaketa eta konfrontazioa piztu zituzten. «Antropologo sarkina, ohiturak aztertu, eta praktikak eta azturak bakartzen ditu; haien eduki sinbolikoa gailendu, eta transferentzia estetikoa eta poetikoa antolatzen du, oturuntzaren unibertsoranzko proiekzioa», Pierre Restany kritikariak 1982. urtean idatzi zuenaren arabera. Miraldak bultzatzen duen obran, espazio publikoak eta elkarbizitzak dute lehentasuna, eta izaera iragankorrak, espiritu kritikoak eta poetikoak, baita umoreak ere, eta jatea bezalako ekintza unibertsala unibertso sortzaile bilakatzen du horrela.

‘Food Situation for a Patriotic Banquet’ (1972/2010): oturuntza-mahaian koloreztatutako arroz-erretiluak daude, garai hartako munduko naziorik boteretsuenen banderak irudikatzeko, eta menuan bakoitzaren himno nazionala agertzen da; zereala deskonposatzen ari den heinean, kolore nazional identitarioak desagertzen eta logika koloniala amaitzen ari direla eman nahi da aditzera.

 

Janari Santua (1984-1989) – Bilboko Berreginen Museoa

Janari Santuak artistak New Yorkeko Spanish Harlemen eta Miamin aurkitu zuen santutasunarengan duen  liluramendua agerian uzten du. Bilboko Berreginen Museoan aurkeztuko den instalazio honetan, inposiziozko kristautasunaren harremanen inguruan hausnartuko da, baita yoruba erlijioaren biziraupen mekanismoak eskaintzaren sinbologia eta janariaren bidez. Janari Santua New Yorkeko Auzoaren Museoan,1984an, eta  Pariseko La Grande Halle de la Villetten, 1989an, aurkeztu zen, beste zentro batzuen artean. Janari Santua instalazioa Bilboko Berreginen Museoan ikusgai egongo da ekainaren 3tik urriaren 1era arte.

Janari Santua artelanaren inaugurazioan (ekainaren 3an 13:30etan), Bilboko Artelan Berreginen Museoan, Yoruba janaria dastatu ahal izango da bertan, eta esklaboen salerosketak Afrikan diaspora eragin baino lehenago kultura horrek Nigerian zituen jatorriak ezagutzeko aukera ere bai. Gainera, Janari Santuaren ospakizuneko espiritu ludikoan murgiltzeko, musika eta dantza ere izango ditugu inaugurazioan, San Frantzisko auzoko kolektiboen eskutik. Novisi Percusionek kalejirak egingo ditu, Bilborocketik abiatu eta Museoan bukatuta; hor, Betto Snay rap-kantariak Afrikako musika jarriko du.

LANAREN INGURUKO TOPAKETA

Azkuna Zentroak, Bilboko Berreginen Museoa eta Sarean, Julia Morandeira komisario eta ikertzaileak koordinatutako topaketa antolatu dute irailaren 14rako. Topaketa honek artelanaren unibertso teoriko-sentsuala ezagutaraztea du xede. Horretan laguntzeko, Aída Esther Bueno Sarduy izango da gonbidatutako hizlaria.

Topaketan, Atlantiko beltzeko erlijioetan sentsualitateak duen ardatz izaera nabarmentzen da: gorputza, afektua, ahoa, oparia, erritmoa, keinua, sukaldea edo janzkera bitartekotzat hartuta adierazpenak nola harilkatzen duen eguneroko ehundura, ikurrez eta esanahiz janzteko moduz betez.

“Gure asmoa da ikertzea candomblea, winti kultura, vudua edo santeriaren praktikak sistema kulturalak eta espiritualak direla, Amerikan agertu baitziren kolonialismoaren aurkako erresistentziako taktika gisa, diaspora afrikarraren ideiak eta pertsonak tokiko jakintzekin uztartzearen emaitza moduan. Gorputzean inskribatzen diren praktikak dira, barnekoa eta errituala, egunerokoa eta jainkozkoa zeharkatzen dituztenak, era fraktalean.”

Hitzaldiarekin batera, hainbat artistaren ikus-entzunezko proiekzioak izango dira, eztabaidaren esparrua zabaltzeko asmoz.

Topaketaren ondoren, kaleko jai-giroan murgilduko gara, Afrikako kulturaren ildoan, eta Bilboko Artelan Berreginen Museora joango gara kalejiran, San Frantzisko auzoko kolektiboekin batera.

SAREAN

Sarean gune independentea Mariaren Bihotza plazan dago kokatuta, parte-hartzean oinarritutako kultura bultzatzen du, eta Espacio Plaza kultura-elkartea arduratzen da bera kudeatzeaz. Bilboko San Frantzisko auzoan kokatutako elkartea izanik, gizarte-kohesioa indartzen lagundu nahi du, ekintza artistikoen eta kulturaren bitartez. Herritarrek parte hartuta diseinatutako programazio soziokulturala du, eta inguruan egiten diren jarduerak bistaratu, eta kulturen eta belaunaldien arteko bizitasuna sustatzen du horren bidez. Bestalde, Sarean guneak badu bere taberna-jatetxea; bertako eskaintza gastronomikoa kokatuta dagoen auzoko kultura-aniztasunaren ispilu da.

YORUBA AND FRIENDS

Yoruba komunitateak Euskal Herrian duen kultura elkartea da Yoruba & Friends. Yorubarren kultura-ondare aberatsa zabaltzea du helburu, eta, horretarako, Nigeriako

kultura ikastera bideratutako jarduera kulturalak antolatzen ditu, gastronomia, musika, dantza tradizionalak, eta abar bitartekotzat hartuta. Horrez gain, iritsi berriei laguntzeko lanetan ere aritzen da, hala nola orientazioko tailerrak eta itzulpen-zerbitzuak egiten.

NOVISI PERCUSION

Novisi Percusión Afrikako dantza eta perkusio tradizionaleko taldea da, eta Afrikako kultura folklorikoak Europan ezagutaraztea du helburu. Musika, dantzak, ipuinak, poemak eta antzinako istorioak bitartekotzat hartuta helarazi nahi dute hori guztia, kantu eta dantza tradizionalak egiteko hainbat tresna, jantzi, zango-makila eta maskara txertatuta.

Informazio gehiago eta izen-ematea www.azkunazentroa.eus , http://www.bilbokoberreginenmuseoa.eus/es  eta www.sarean.info webguneetan.

FacebookTwitterDiggDeliciousGoogle BookmarksRedditLinkedinRSS FeedPinterest