Ostegun honetan, Hilzorian Dagoen Gerlaria izango da Bilboko Berreginen Museoko “artelana bere testuinguruan” zikloko hitzaldiko protagonista

Sasoi honen azken hitzaldi baten bitartez (maiatzaren 18an, osteguna, 18:00etan, doako sarrerarekin), eskultura honen erreferentzia artistiko eta historikoak aztertuko dira

Ostegun honetan, hilaren 18an, denboraldi honetako azken hitzaldian, Afaiako tenpluko Hilzorian dagoen gerlaria izango da obra gonbidatua; gaur egun ez dago publikoarentzako ikusgai. Mota honetako jarduerei esker, sakon ezagutu ditzakegu Bilboko Berreginen Museoaren bildumako piezak, eta ikusleei arte grekoa eta errenazentista hurbildu. Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia ere aipatu behar ditugu, biak ere museoaren patronoak, eta eskerrak eman behar dizkiegu, museoak egiten dituen proiektu guztiei ematen dieten babesagatik. Hitzaldiak doakoak izango dira, eta 18:00etan hasiko dira.

BIHARKO (OSTEGUNA) aukeratutako eskultura HILZORIAN DAGOEN GERLARIA da. Arte grekoan, estilo arkaikotik klasikorako trantsizioa markatzen du obra horrek. Afaiako tenpluaren (Eginan) ekialdeko frontoiko eskultura-multzoko figura bat da, eta funtsezko pieza da arte grekoa aldi arkaikotik klasizismoaren hastapenetaraino estilistikoki nola garatu den ikertzeko.

Afaiako tenpluko figurak lekukotza aparta dira arte grekoan K.a. V. mendearen barruan (bi hamarkada soilik iraun zuen denboran) izandako aldaketa estilistikoa ikusteko, baina, era berean, monumentuetako estatuetan polikromia egon zela erakusten diguten lehenengo lekukotza bisualak ere badira. Induskatu zirenean, ikus zitekeen oraindik lehenagoko kolorezko estaldura, hala figuretan nola beste elementu arkitektoniko batzuetan; bereziki, pigmentu gorriak eta urdinak.

Afaiako tenpluko marmolak lau bidaiari eta arkeologo amateurrek aurkitu zituzten, XIX. mendearen hasieran. Gorabehera askoren ondoren, figuren enkantea egin zuten 1812an, Zanteko uhartean. Enkante horretan eskuratu zituen Bavariako Ludwig printzearen ordezkariak, Martin Wagnerrek, eta Erromara eraman zituen zaharberritzeko. Bertel Thorwaldsen daniarra izan zen horren ardura izan zuena; hain zuzen, orduko eskultore neoklasikorik garrantzitsuenetako bat zen, eta zaharberritzea ez zen kritikatik libre egon.

Zaharberritu ondoren, eskulturak sortu berria zen Municheko Gliptotekara eraman zituzten; instalazio hori Leo von Klenzek sortu zuen, eta, han, ikusleek eskulturak atseginez ikusi ahal izan dituzte 1830az geroztik. Thorwaldsenek berak ikuskatu zuen nola instalatu zituzten.

Hitzaldia, oraingoan, eta maiatzean ohikoa den bezala, Museoaren egoitza administratibo eta didaktikoan izango da, Mirasol kondea kaleko 2. zenbakian.  
   

“OBRA BERE TESTUINGURUAN” ZIKLOA

•           Eguna:osteguna, 2017ko maiatzaren 18an

•           Ordua:18:00

•           Lekua:Conde Mirasol kalea, 2

•           Doako sarrera; ez da aurretik erreserbatu behar.

Museoaren ordutegi orokorra:

•           Asteartetik larunbatera, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara.

•           Igandeetan:10:00etatik 14:00etara

•           Itxita:astelehen eta jaiegunetan.

FacebookTwitterDiggDeliciousGoogle BookmarksRedditLinkedinRSS FeedPinterest