Ostegun honetan, Moisés izango da Bilboko Berreginen Museoko “artelana bere testuinguruan” zikloko hitzaldiko protagonista

Hitzaldi-bisita baten bitartez (apirilaren 27an, osteguna, 18:00etan, doako sarrerarekin), eskultura honen erreferentzia artistiko eta historikoak aztertuko dira

Ostegun honetan, apirilaren 27an, hitzaldiko obra gonbidatua Moises izango da. Mota honetako jarduerei esker, Bilboko Berreginen Museoko bilduman dauden piezak hobeto ezagutzeko aukera izango dugu. Era berean, Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia nabarmendu behar ditugu, beraiek baitira museoko patronoak, eta, hortaz, museoak gauzatutako proiektu guztiei emandako babesa eskertu nahi diegu. Hitzaldiak doakoak dira, eta 18:00etan hasiko dira.

Oraingo honetan, Itziar Martijak Moisesen figura biblikoa aztertuko du. Michelangelok askoz ere proiektu handinahiago baten dekorazio eskultoriko gisa egin zuen Moises: Julio II.a Aita Santuaren hilobirako, alegia. Azken horrek bere hilobia eraikitzeko eskatu zion artistari, eta San Pedro Basilikan jartzeko asmoz. Alabaina, artistaren lanik handienetakoa izan zitekeena, bere bizitzako tragediarik handiena izatera heldu zen, lanean ari zen bitartean eragozpen ugari sortu zitzaizkiolako eta hainbat aldaketa egin behar izan zituelako.

Michelangelo figura ugari hasi zen lantzen Julio II.aren hilobirako, baina, azkenean, Moises izan zen bertan jarri zuten bakarra. Louvreko Museoan dauden Esklaboak, eta gaur egun Palazzo Vecchion ikusgai dauden Garaipenekoak edota Akademiakoak, hilobiaren amaierako proiektutik kendu zituzten.

Moisesek kokapen nagusia hartu zuen, horretarako sortua izan ez bazen ere. Hain da handia figuraren errealismoa, ezen, kondairak dioenez, artistak kolpe bat jo baitzion belaunean, berak sortutako obrarekin miretsita, eta galdetu zion: Perché non parli?

Hitzaldiari esker, jakin ahal izango dugu Michelangelok noiz sinatu zuen Julio II.aren hilobia egiteko kontratua: 1505eko apirilaren 28an, hain zuzen ere. 512 urte igaro dira funtsezko egun hartatik, eta zinez funtsezkoa izan zen, huraxe izan baitzen bere lanik onenetako baten jatorria.

Era berean, eta daten ibilbideari segika, aipatu nahi dugu Artelana bere Testuinguruan zikloa 2008ko apirilaren 24an abiatu zela, Moisesekin hain zuzen ere.

Hitzaldiaren osagarri gisa, ibilaldia eskainiko da Museotik. Modu horretan, zuzenean aztertu ahal izango da eskultura hau, eta Bildumako beste pieza batzuekin duen lotura estilistikoa edota tematikoa ikusi ahal izango da.

Museoa berriro ireki zeneko 10. urteurrena dela-eta, ‘Artelana bere testuinguruan’ programa, 2008ko apirilean abiarazi zena Michelangeloren ‘Moises’ harturik protagonistatzat, Bildumako piezarik enblematikoenak errepasatzen ari da, 2016ko irailetik. Zikloa Museoaren programazioko erreferenteetako bat izatera heldu da jada; izan ere, sendotu egiten du Museoaren alderdi pedagogiko eta kulturala.

Bilboko Berreginen Museoa 2006ko azaroan berriz ireki zen oraingo egoitzan (Mariaren Bihotza eliza izandakoan, alegia), eta Bizkaiko hiriburuko museorik antzinakoenetakoa da. Duela 80 urte sortu zen, eta bere generoko onenetakoa da, ikusgai dauden erreprodukzioen aukeraketagatik eta kalitateagatik.

 

“OBRA BERE TESTUINGURUAN” ZIKLOA

•           Eguna:osteguna, 2017ko apirilaren 27an

•           Ordua:18:00

•           Lekua:San Frantzisko 14

•           Doako sarrera; ez da aurretik erreserbatu behar.

Museoaren ordutegi orokorra:

•           Asteartetik larunbatera, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara.

•           Igandeetan:10:00etatik 14:00etara

•           Itxita:astelehen eta jaiegunetan.