Ostegun honetan, otsailaren 23an, Erekteiongo Kariatidea izango da Bilboko Berreginen Museoko “Artelana bere testuinguruan” zikloko hitzaldiko protagonista

Hilean behin, programak Museoko bildumako piezak aztertzen ditu, hitzaldi baten eta doako bisita gidatu baten bidez

Jatorrizko figura, marmolean zizelkatua Erekteiongo hegoaldeko atariaren parte gisa, arkitekturako funtsezko obretako bat da.Hitzaldi baten eta bisita baten bitartez (otsailaren 23an, osteguna, 18:00etan, doako sarrerarekin), pieza horren erreferentzia artistiko eta historikoak aztertuko dira.

Ostegun honetan, otsailaren 23an, Erekteiongo Kariatidea izango da hitzaldiko obra gonbidatua. Mota honetako jarduerei esker, Bilboko Berreginen Museoko bilduman dauden piezak hobeto ezagutzeko aukera daukagu. Era berean, Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia nabarmendu behar ditugu, beraiek baitira museoko patronoak, eta, hortaz, museoak gauzatutako proiektu guztiei emandako babesa eskertu nahi diegu. Hitzaldiak doakoak dira, eta 18:00etan hasiko dira.

Aukeratutako eskultura Atenasko Akropolian kokatuta dagoen Erekteion tenpluko Kariatideetako baten erreprodukzioa da.Jatorrizko figura Museo Britainiarrean dago gordeta, bi metro baino zertxobait gehiagoko altuera dauka, eta marmolean zizelkatua izan zen K.a. 421. urtearen inguruan, Ateneari, Poseidoni eta Erekteo errege mitikoari eskainitako tenpluko hegoaldeko atariaren egituraren parte gisa.

Kariatidea garai klasikoko arkitektura greziarreko harribitxietako bat da, bai eta arkitektura mota horren adibiderik ospetsuenetakoa ere, non, euskarrien ordez, emakumezkoen figurak erabiltzen baitira.

Hitzaldiaren osagarri gisa, ibilaldia eskainiko da Museotik. Modu horretan, zuzenean aztertu ahal izango da eskultura hau, eta Bildumako beste pieza batzuekin (esate baterako, Delfosko Aurigarekin edo Partenoiko dekorazio eskultorikoarekin) duen lotura estilistikoa edota tematikoa ikusi ahal izango da.

Museoa berreraiki zeneko 10. urteurrena dela-eta, ‘Artelana bere testuinguruan’ programa, 2008ko apirilean abiarazi zena Michelangeloren ‘Moises’ harturik protagonistatzat, Bildumako piezarik enblematikoenak errepasatzen ari da, 2016ko irailetik. Zikloa Museoaren programazioko erreferenteetako bat izatera heldu da jada; izan ere, sendotu egiten du Museoaren alderdi pedagogiko eta kulturala.

Bilboko Berreginen Museoa, 2006ko azaroan berriz ireki zena oraingo egoitzan (Mariaren Bihotzaren eliza izandakoan, alegia), Bizkaiko hiriburuko museorik antzinakoenetakoa da. Duela 80 urte sortu zen, eta bere generoko onenetakoa da, ikusgai dauden erreprodukzioen aukeraketagatik eta kalitateagatik. Garai guztietako eskulturagintzaren maisulan handien erreplika zehatzak ditu; esate baterako, Samotraziako Garaipena edo Miloko Venus. Ia hamar urtez itxita egon ostean, gaur egun balio erantsia dauka; izan ere, eraikin berezi batean dago ikusgai, XIX. mende amaieran estilo neogotikoan eraikitako tenplu batean.

“ARTELANA BERE TESTUINGURUAN” ZIKLOA

•           Eguna: otsailaren 23a, osteguna

•           Ordua: 18:00

•           Lekua: San Frantzisko 14

•           Sarrera librea da, eta ez da aldez aurretik erreserbatu behar.

Museoaren ordutegia:

•           Asteartetik larunbatera, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara.

•           Igandeetan: 10:00etatik 14:00etara

•           Itxita: astelehen eta jaiegunetan.

FacebookTwitterDiggDeliciousGoogle BookmarksRedditLinkedinRSS FeedPinterest