Gaurkotasuna

Berreginen Museoak eskaintzen dizkizuen jarduera eta ekitaldiei buruz informa zaitez.

Berriak

MNE 2017: Eta eguna aste bihurtu zen… 6.000 parte-hartzaile baino gehiagorekin

Asteartea, 23 Maiatza 2017 12:23

Bidea: Gaurkotasuna

Euskal Museoak eta Berreginen Museoak egun horren inguruan antolatutako jardueren arrakasta ospatu dute

2017ko maiatzaren 18an ospatu zen, urtero bezala, Museoen Nazioarteko Eguna. Euskal Museoak eta Berreginen Museoak ez zuten hutsik egin, eta zenbait jarduera antolatu zituzten aste osoan zehar egiteko. Bisita gidatu bereziak, artelanen deskontestualizazioaz hitz egiteko; Gerra Karlistak Bilbon nolakoak izan ziren azaltzeko hitzaldiak, eta Gernikako bonbardaketari buruzko zinema-zikloaren amaiera (300 ikusle bildu dira guztira, 4 saioetan); horiek guztiek festa-egun hori aste berezi bihurtu dute Bilboko bi erakundeetan. 6.000 pertsonak baino gehiagok gozatu dituzte egun horiek, eta hori oso datu pozgarria da bi museoentzat. Gainera, maiatzaren 20an, zapatuan, Euskal Museoak ateak ireki zizkion Musikal17ri, eta ekitaldian museoaren klaustroa eta halla bete ziren. 4.000 ikusletik gora egon ziren Euskadiko hainbat musika-eskolatako ikasleak ikusten. Edizio honen arrakasta ikusi ondoren, bi museoak berriz ere lanean hasi dira, datorren urtean ere bisitariek horrelako beste aste zoragarri batez gozatu ahal izan dezaten.

KANPOKO AKUARELA MANUEL BALSA “EL RUSO” IX. LEHIAKETA ARAUTZEKO OINARRIAK. 2017

Azteazkena, 17 Maiatza 2017 11:52

Bidea: Gaurkotasuna

1.-PARTE-HARTZAILEAK:

Interesa duten guztiek, umeek eta nagusiek parte hartu ahal izango dute.

2.- IZENA EMATEA

Maiatzak 30etik ekainaren 2ra, biak barne, izena eman daiteke Bilboko Berreginen Museoan, Mirasol Kondearen kalea, 2an duen helbidean, asteartetik ostiralera, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara edota San Frantzisko kalea 14an duen helbidean, asteartetik larunbatera, 10:00etatik 13:30era, eta 16:00etatik 19:00etara.

Era berean, antolatzaileek aukera emango dute lehiaketaren egunean bertan izena emateko, Bilboko Berreginen Museoan, San Frantzisko kaleko 14an duen helbidean, 8:30etik 10:00etara.

Artista bakoitzari egiaztagarria emango zaio, eta lehiaketaren egunean aurkeztu beharko du.

Ez da izen-ematerik onartuko ezarritako epetik kanpo.

3. LEHIAKETA

Lehiaketa 2017ko ekainaren 3an egingo da, eguraldiak ezinezko ez badu egiten behintzat. Artistek euren artelana egiteko behar duten material guztia ekarri beharko dute, baita astoa ere, epaimahaikideek artelana ikusi eta baloratu dezaten. Parte-hartzaileek artelana egin bitartean sortzen dituzten hondakinak jaso beharko dituzte.

4. ZIGILATZEA, FORMATUA E IDENTIFIKAZIOA

Euskarriaren mihisea edo taula zuri kolorekoa izango da, bastidorearen gainean. Euskarria 8:30etik 10:00etara zigilatuko da, Bilboko Berreginen Museoan: San Frantzisko kalea, 14. Izena eman duten momentua gorabehera, parte-hartzaile guzti-guztiek euskarria zigilatu beharko dute adierazitako lekuan eta ordutegiaren barruan.

Aldeek gutxienez 50 cm izen beharko dituzte, eta gehienez 116 cm.

Egile bakoitzak artelan bakarra aurkeztu dezake.

5.- GAIA

Gaia Bilbo Zaharreko eta San Frantziskoko hiri paisaia izango da: eraikuntzak, plazak, parkeak, bazterrak… Erabili behar izango den teknika akuarela da.

6.- ARTELANAK JASOTZEA

Artelanak 13:30etatik 14:00era jasoko dira. Euskarria zigilatzearekin batera adieraziko zaio artistari artelana zer lekutan eman behar duen. Artelana sinatu gabe aurkeztuko da. Baztertu egingo dira atal hau betetzen ez duten artelanak.

Aukeratu edo saritu ez diren artelanak lehiaketaren egunean bertan jasoko dira: 14:30etik 15:00era, epaimahaikideek ebazpena eman duten lekuan.

7.- EPAIMAHAIAREN AKTA IRAKURTZEA

Epaimahaiaren Akta Bilboko Berreginen Museoan irakurriko da 14:00ean, lehiaketaren egunean bertan.

8.- EPAIMAHAIA

Epaimahaia osatuko dute: Museoko arduraduna, lehendakari-lana egingo duenak, eta arte plastikoetako aditu bi.

9.- SARIAK

-         Manuel Balsa “El Ruso” 1. saria: 1.000 euro

-         Manuel Balsa “El Ruso” 2. saria: 500 euro

-         Manuel Balsa “El Ruso” 3. saria: 250

-         Umeentzako sari berezia

-         Berreginen Museoko marrazketa kurtsoan haritutako ikasleari sari berezia

Saritutako artistek artelana sinatu beharko dute.

10.- AUKERATUTAKO ETA SARITUTAKO LANEN ERAKUSKETA

Bilboko Berreginen Museoak beretzat gordetzen du aukeratutako eta saritutako artelanen erakusketa antolatzeko eskubidea –aukeratutako artelanak ezin izango dira 25 baino gehiago izan–. Erakusketa Museoaren egoitzan egingo litzateke, lehiaketaren arduradunek zehaztutako datan. Dena dela, urte hau amaitu baino lehen egingo litzateke erakusketa.

Museoak beretzat gordetzen ditu aukeratutako eta saritutako artelanak erakusteko, era grafikoan erreproduzitzeko eta argitaratzeko eskubideak. Beraz, beretzat gordetzen du aukeratutako eta saritutako artelanekin katalogo bat egiteko eskubidea.

Antolatzaileek artelanak zainduko ditu bere babesean dauden bitartean, baina ez du ardurarik hartuko artelanek kalteren bat jasotzen badute.

Saria ez duten aukeratutako artelanen egileei esango zaie noiz etorri artelanak jaso ditzaten; dena dela, erakusketa amaitu eta hurrengo astean izango da. Saritutako artelanak Berreginen Museoarenak izango dira.

11.- ANTOLAKUNTZA

Epaimahaiak oinarri horiek interpretatzeko ardura izango du, baita oinarrietan ezarri ez den gorabeheraren bat ebazteko ere.

Era berean, Bilboko Berreginen Museoak, Lehiaketaren antolatzaileak hain zuen, beretzat gordetzen ditu oinarri horiek aldatzeko edo oinarrietan arautu gabe dauden ekimenei ekiteko eskubideak, betiere horrela lehiaketa arrakastatsuagoa bada.

Lehiaketan parte hartze hutsak oinarriak onartzea dakar.

Ostegun honetan, Hilzorian Dagoen Gerlaria izango da Bilboko Berreginen Museoko “artelana bere testuinguruan” zikloko hitzaldiko protagonista

Azteazkena, 17 Maiatza 2017 09:18

Bidea: Gaurkotasuna

Sasoi honen azken hitzaldi baten bitartez (maiatzaren 18an, osteguna, 18:00etan, doako sarrerarekin), eskultura honen erreferentzia artistiko eta historikoak aztertuko dira

Ostegun honetan, hilaren 18an, denboraldi honetako azken hitzaldian, Afaiako tenpluko Hilzorian dagoen gerlaria izango da obra gonbidatua; gaur egun ez dago publikoarentzako ikusgai. Mota honetako jarduerei esker, sakon ezagutu ditzakegu Bilboko Berreginen Museoaren bildumako piezak, eta ikusleei arte grekoa eta errenazentista hurbildu. Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia ere aipatu behar ditugu, biak ere museoaren patronoak, eta eskerrak eman behar dizkiegu, museoak egiten dituen proiektu guztiei ematen dieten babesagatik. Hitzaldiak doakoak izango dira, eta 18:00etan hasiko dira.

BIHARKO (OSTEGUNA) aukeratutako eskultura HILZORIAN DAGOEN GERLARIA da. Arte grekoan, estilo arkaikotik klasikorako trantsizioa markatzen du obra horrek. Afaiako tenpluaren (Eginan) ekialdeko frontoiko eskultura-multzoko figura bat da, eta funtsezko pieza da arte grekoa aldi arkaikotik klasizismoaren hastapenetaraino estilistikoki nola garatu den ikertzeko.

Afaiako tenpluko figurak lekukotza aparta dira arte grekoan K.a. V. mendearen barruan (bi hamarkada soilik iraun zuen denboran) izandako aldaketa estilistikoa ikusteko, baina, era berean, monumentuetako estatuetan polikromia egon zela erakusten diguten lehenengo lekukotza bisualak ere badira. Induskatu zirenean, ikus zitekeen oraindik lehenagoko kolorezko estaldura, hala figuretan nola beste elementu arkitektoniko batzuetan; bereziki, pigmentu gorriak eta urdinak.

Afaiako tenpluko marmolak lau bidaiari eta arkeologo amateurrek aurkitu zituzten, XIX. mendearen hasieran. Gorabehera askoren ondoren, figuren enkantea egin zuten 1812an, Zanteko uhartean. Enkante horretan eskuratu zituen Bavariako Ludwig printzearen ordezkariak, Martin Wagnerrek, eta Erromara eraman zituen zaharberritzeko. Bertel Thorwaldsen daniarra izan zen horren ardura izan zuena; hain zuzen, orduko eskultore neoklasikorik garrantzitsuenetako bat zen, eta zaharberritzea ez zen kritikatik libre egon.

Zaharberritu ondoren, eskulturak sortu berria zen Municheko Gliptotekara eraman zituzten; instalazio hori Leo von Klenzek sortu zuen, eta, han, ikusleek eskulturak atseginez ikusi ahal izan dituzte 1830az geroztik. Thorwaldsenek berak ikuskatu zuen nola instalatu zituzten.

Hitzaldia, oraingoan, eta maiatzean ohikoa den bezala, Museoaren egoitza administratibo eta didaktikoan izango da, Mirasol kondea kaleko 2. zenbakian.  
   

“OBRA BERE TESTUINGURUAN” ZIKLOA

•           Eguna:osteguna, 2017ko maiatzaren 18an

•           Ordua:18:00

•           Lekua:Conde Mirasol kalea, 2

•           Doako sarrera; ez da aurretik erreserbatu behar.

Museoaren ordutegi orokorra:

•           Asteartetik larunbatera, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara.

•           Igandeetan:10:00etatik 14:00etara

•           Itxita:astelehen eta jaiegunetan.

Igandea dantzarako da! Swinga Bilboko Berreginen Museoaz jabetu da (maiatzaren 14an)

Astelehena, 08 Maiatza 2017 09:43

Bidea: Gaurkotasuna

Maiatzaren 14an, Bilboko erakundeak berriz ere antolatuko du Swing Museoan! arrakastatsua, dantzaz eta musikaz gozatu ahal izateko, artelanez inguratuta 

Duela zenbait hilabete, inork ez zuen pentsatuko Bilboko Berreginen Museoak eta Swing Side Bilbao elkarteak sortutako ekimenak hainbesteko arrakasta izango zuenik. Orain, Swing Museoan! hiriko plan izarretako bat izatera heldu da. Jarduera hau doakoa da, eta hileko bigarren igandean egiten da, 11:30etik 13:30era. Horri esker, bertaratutakoek dantzaz eta musikaz goza dezakete, inguru paregabean. Museoko eskulturek parte-hartzaileen Swing-urrats guztiak zaintzen dituzte (musika-genero hori Estatu Batuetan sortu zen, 1920ko amaieran). Bilboko Berreginen Museoa Mariaren Bihotza elizan dago, eta dantzariak bertan aritzen dira, ekimen honen inguruan.

Nahiz eta XX. mendearen hasieran duen jatorria, swingetik datozen dantzek erabateko gaurkotasuna dute.Ez da dantza bat soilik; izan ere, atzean komunitate eta osagai sozial zabala dago, eta, bertan, jendea musikaren eta dantzaren bidez partekatzen eta komunikatzen da.

Swing Museoan! egitasmoa swing musika dantzatzeko eta sustatzeko gauzatu da, baina baita dantza bere habitatetik eta testuingurutik ateratzeko ere. Kalean jarri nahi da, edota, kasu honetan bezala, museoan; eta, hortaz, pertsonak, artea, musika eta dantza elkartzeko eremu komuna aurkitu.

Berreginen Museoak bisita-eztabaida bat eskainiko du artelanen deskontestualizazioa aztertzeko

Azteazkena, 03 Maiatza 2017 10:21

Bidea: Gaurkotasuna

Jarduera maiatzaren 16an, asteartea, eta 20an, larunbata, egingo da, Museoen Nazioarteko Eguna dela-eta

Maiatzaren 18an Museoen Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta, oraingoan, Bilboko Berreginen Museoak artelanen deslokalizazioari buruzko doako bisita gidatu batekin ospatu nahi du. ‘Zureak, nireak, guztionak’ Museoan abiaraziko da maiatzaren 16an (asteartea), 18:00etan, eta 20an (larunbata), 11:30ean. Partenoiko marmolen historia, Zeusen Aldarearena, Samotraziako Garaipenarena eta Afaiako Tenpluko frontoien historia azalduko dugu. Aurkitu zituzteneko eta gaur egun kontserbatzen diren museoetara lekualdatu zituzteneko historia kontatuko da, gaiari buruz eztabaida bat sortzeko helburuarekin, kontserbatzearen garrantziatik abiatuta, hura non egiten den kontuan hartu gabe.

Gainera, maiatzaren 18an, 18:00etan, Artelana bere Testuinguruan ekimenarekin gozatu ahal izango da; hil honetan, hain zuzen ere, Afaiako Tenpluko figura bati eskainita dago. Egun horretan eta asteburuan (maiatzak 20 eta 21), Museorako sarrera doakoa izango da. Jardueraz betetako aste oso bat, egun berezi hau ospatzeko.

OINARRIZKO INFORMAZIOA

EGUNA: maiatzak 16, 18:00etan (euskaraz)

Maiatzak 20, 11:30ean (gaztelaniaz)

PREZIOA: dohainik

LEKUA: BERREGINEN MUSEOA

Beharrezkoa da AURREZ IZENA EMATEA telefono honetan: 94 415 02 31 (lekuak bete arte. 20 pertsonarentzako lekua)

Maiatzak 18, 18:00etan: Artelana bere testuinguruan

Sarrera librea. Ez da beharrezkoa aurrez erreserbatzea

Lekua: Egoitza administratibo eta didaktikoa. Mirasol Kondea 2

ART MARKET BERREGINEN MUSEOAN

Asteartea, 25 Apirila 2017 10:51

Bidea: Gaurkotasuna

ART MARKET INSKRIPZIOA

Bilboko Berreginen Museoak 2017ko maiatzaren 13an Art Market-a antolatzen du. Bertan 20 artistek euren artelanak dohanik erakusteko aukera izango dute.

Partehartzaileek nobelak, profesionalak edo ikasleak izan daitekez, bai bertakoak bai nazionalak, baina marrazketan eta ilustrazioan oinarrizko ezaguera eta gaitasunak izan behar dituzte.

Interesdun pertsonek maiatzaren 8a baino lehenago e-mail bat bialdu behar dute honako posta elektronikora E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. hurrengo informazioarekin:

1-      Curriculuma

2-      Bere lanaren deskribapena

3-      Erakutsiko duen lanen baten eredua JPEG formatuan.

Inskripzioaren konfirmazioa emailez egingo da maiatzaren 9a baino lehen.

 

PARTE HARTZEKO ARAUAK

1-      Hautatutako artistek bakarrik hartuko dute parte.

2-      Artista bera izango da bere stand-aren muntaia eta desmuntaiaren arduraduna. Antolaitzaileak parte hartzeile bakoitzeko aulki bat utziko du.Mahaiak, astoak edota lanen erakusketarako beharrezko materialak parte hartzaileek ekarriko dituzte.

3-      Muntaia eta desmuntaiarako ordutegiak beteko da.

4-      Sarbideak, hormak eta museoko artelanak ez dira okupatuko.

5-      Artista bera izango da bere stand-aren arduradun

6-      Artista berak egindako lanak izango dira salgai, bai originalak bai berreginak.

7-      Artistak izango dira salmenten onuradun bakarrak.

8-      Antolatzailea ez da produktuen ez kalteaz ez lapurretaz arduradun egiten.

9-      Antolaitzaileak argazkiak eta bideoak egiteko aukera izango du, eta bere onurako erabili ahal izango ditu.

Ostegun honetan, Moisés izango da Bilboko Berreginen Museoko “artelana bere testuinguruan” zikloko hitzaldiko protagonista

Astelehena, 24 Apirila 2017 11:43

Bidea: Gaurkotasuna

Hitzaldi-bisita baten bitartez (apirilaren 27an, osteguna, 18:00etan, doako sarrerarekin), eskultura honen erreferentzia artistiko eta historikoak aztertuko dira

Ostegun honetan, apirilaren 27an, hitzaldiko obra gonbidatua Moises izango da. Mota honetako jarduerei esker, Bilboko Berreginen Museoko bilduman dauden piezak hobeto ezagutzeko aukera izango dugu. Era berean, Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia nabarmendu behar ditugu, beraiek baitira museoko patronoak, eta, hortaz, museoak gauzatutako proiektu guztiei emandako babesa eskertu nahi diegu. Hitzaldiak doakoak dira, eta 18:00etan hasiko dira.

Oraingo honetan, Itziar Martijak Moisesen figura biblikoa aztertuko du. Michelangelok askoz ere proiektu handinahiago baten dekorazio eskultoriko gisa egin zuen Moises: Julio II.a Aita Santuaren hilobirako, alegia. Azken horrek bere hilobia eraikitzeko eskatu zion artistari, eta San Pedro Basilikan jartzeko asmoz. Alabaina, artistaren lanik handienetakoa izan zitekeena, bere bizitzako tragediarik handiena izatera heldu zen, lanean ari zen bitartean eragozpen ugari sortu zitzaizkiolako eta hainbat aldaketa egin behar izan zituelako.

Michelangelo figura ugari hasi zen lantzen Julio II.aren hilobirako, baina, azkenean, Moises izan zen bertan jarri zuten bakarra. Louvreko Museoan dauden Esklaboak, eta gaur egun Palazzo Vecchion ikusgai dauden Garaipenekoak edota Akademiakoak, hilobiaren amaierako proiektutik kendu zituzten.

Moisesek kokapen nagusia hartu zuen, horretarako sortua izan ez bazen ere. Hain da handia figuraren errealismoa, ezen, kondairak dioenez, artistak kolpe bat jo baitzion belaunean, berak sortutako obrarekin miretsita, eta galdetu zion: Perché non parli?

Hitzaldiari esker, jakin ahal izango dugu Michelangelok noiz sinatu zuen Julio II.aren hilobia egiteko kontratua: 1505eko apirilaren 28an, hain zuzen ere. 512 urte igaro dira funtsezko egun hartatik, eta zinez funtsezkoa izan zen, huraxe izan baitzen bere lanik onenetako baten jatorria.

Era berean, eta daten ibilbideari segika, aipatu nahi dugu Artelana bere Testuinguruan zikloa 2008ko apirilaren 24an abiatu zela, Moisesekin hain zuzen ere.

Hitzaldiaren osagarri gisa, ibilaldia eskainiko da Museotik. Modu horretan, zuzenean aztertu ahal izango da eskultura hau, eta Bildumako beste pieza batzuekin duen lotura estilistikoa edota tematikoa ikusi ahal izango da.

Museoa berriro ireki zeneko 10. urteurrena dela-eta, ‘Artelana bere testuinguruan’ programa, 2008ko apirilean abiarazi zena Michelangeloren ‘Moises’ harturik protagonistatzat, Bildumako piezarik enblematikoenak errepasatzen ari da, 2016ko irailetik. Zikloa Museoaren programazioko erreferenteetako bat izatera heldu da jada; izan ere, sendotu egiten du Museoaren alderdi pedagogiko eta kulturala.

Bilboko Berreginen Museoa 2006ko azaroan berriz ireki zen oraingo egoitzan (Mariaren Bihotza eliza izandakoan, alegia), eta Bizkaiko hiriburuko museorik antzinakoenetakoa da. Duela 80 urte sortu zen, eta bere generoko onenetakoa da, ikusgai dauden erreprodukzioen aukeraketagatik eta kalitateagatik.

 

“OBRA BERE TESTUINGURUAN” ZIKLOA

•           Eguna:osteguna, 2017ko apirilaren 27an

•           Ordua:18:00

•           Lekua:San Frantzisko 14

•           Doako sarrera; ez da aurretik erreserbatu behar.

Museoaren ordutegi orokorra:

•           Asteartetik larunbatera, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara.

•           Igandeetan:10:00etatik 14:00etara

•           Itxita:astelehen eta jaiegunetan.

Bilboko Berreginen Museoak umeentzako jarduera bat eskainiko du Aste Santuan

Asteartea, 11 Apirila 2017 11:10

Bidea: Gaurkotasuna

Familiek antzinako Greziako ospakizunak ezagutu ahal izango dituzte koadernotxo bati esker; horren bitartez, ibilbidea egingo dute Bilboko erakundean

Etxeko txikienek Berreginen Museoan gozatu ahal izango dute Aste Santuaz, Bilboko erakundeak antolatu duen jarduera familiar autogidatuaren bitartez (8 urtetik gorako umeentzat). Doako koadernotxo bat da, Museoaren sarreran eskatu beharko dena. Horri esker, jolasen bitartez, familiek Grezian ospatzen ziren jaiak ezagutu ahal izango dituzte; izan ere, gaur egun Aste Santua dugun moduan, garai hartan ere bazituzten beste jai batzuk. Gainera, ekimenak ibilbide bat egitea proposatuko du Museoan, bisitariek, adibidez, greziar egutegia ikasten duten bitartean. Ibilaldia bukatzea lortzen duten txapeldunek saria izango dute. Zuon guztion zain egongo gara, jai-giroko abentura honetan!

Lehen aldiz, Bilboko Berreginen Museoak zuzenean eskainiko du Obra bere Testuinguruan

Astelehena, 03 Apirila 2017 11:04

Bidea: Gaurkotasuna

Ehun bat lagun joan ziren hitzaldira, eta erakundearen sare sozialen bitartez eskaini zen

Bilboko Berreginen Museoak antolatutako egitarauaren barruan, arrakasta handia duen jarduera da. Obra bere Testuinguruan hitzaldi-zikloak bildumako piezetako bat aztertzen du hileko azken ostegunean, eta ekimenak gero eta jarraitzaile gehiago ditu. Oraingo honetan, Itziar Martijaren hitzaldia Bilboko erakundearen Facebookeko orrialdearen bitartez ere jarraitu ahal izan zen. Ia 100 lagunek gozatu ahal izan zuten Belvedereko Gorputz-enborraren historiaz eta horren inguruko anekdotez; eta, gainera, arratsalde horretan, jende asko sare sozialen bitartez animatu zen hitzaldi honen zati bat ikustera, lehen aldiz. Ziur gaude hurrengo arratsaldeetan ere Obra bere Testuinguruan ekimenak esperientzia atsegin hau errepikatuko duela. 

Aste Santuko ordutegi berezia Berreginen Museoan

Astelehena, 03 Apirila 2017 09:56

Bidea: Gaurkotasuna

Berreginen Museoak ordutegi berezia eskainiko du Aste Santuan, bisitariek ahalik eta gehien gozatu dezaten bilduma iraunkorraz, egun horietan.Hori horrela, apirilaren 13an, 14an eta 15ean (Ostegun Santua, Ostiral Santua eta larunbata), 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara egongo da zabalik. Apirilaren 16an (igandea) eta 17an (astelehena), berriz, 10:00etatik 14:00etara bitartean egongo da zabalik.

FacebookTwitterDiggDeliciousGoogle BookmarksRedditLinkedinRSS FeedPinterest